Hawke, Bob
(Jaiotza izena, Robert James Lee Hawke). Australiar politikaria (Bodertown, 1929). Australiako Lehen Ministro izan zen ondoz ondoko lau gobernutan, 1983 eta 1991 bitartean, Alderdi Laboristaren aldetik. Zuzenbide eta Nazioarteko Harremanetako ikasketak egin zituen Oxfordeko Unibertsitatean. Australiara itzuli zenean, Australiako Sindikatu Federazioko kide egin zen, eta sindikatuko lehendakari ere izan zen 1970etik 1980ra. Bere osaba Albert Hawke bezala (Australiako Lehen Ministro izandakoa 1953-1959 bitartean), Alderdi Laboristako kide egin zen. 1971n bigarren lehendakariorde hautatu zuten, eta 1973an alderdiko lehendakari, 1978 arte. 1980an diputatu hautatu zuten, eta 1983ko hauteskunde aurreratuetan, Alderdi Laborista Alderdi Liberalari nagusitu zitzaiolarik, Australiako Lehen Ministro. Hirutan berretsi zuen kargua, 1984, 1987 eta 1990eko hauteskundeetan. Bere agintaldiko ekintza aipagarrienetako bat Asiako eta Pazifikoko herrialdeen arteko loturak estutuko zituen Kontseilu Ekonomikoa sortzea izan zen, 1989ko urtarrilean. 1990ean Australian izan zen krisi ekonomikoak behartuta, konfiantza botoa eskatu zuen, baina ez zuen lortu, eta dimisioa eman behar izan zuen 1991ko abenduan.