Hawks, Howard
Estatu Batuetako zinema zuzendaria (Goshen, Indiana, 1896 - Palm Springs, Kalifornia, 1977). Hegazkin gidari izan zen lehen mundu gerran, bai eta lasterketako auto-gidari ere, zine munduan lanean hasi aurretik. 1919an Paramount-eko atrezzo departamentuan sartu zen, eta 1924an filmetako gidoiak idazten hasi zen. 1926an zuzendu zuen bere lehen filma, The Road to Glory (1926, Aintza Bidea). Hawksen filmetako heroiek duintasunaren eta ohorearen zentzua dute, eta giza elkartasuna da baliorik azpimarratuena. Film mota anitzen sortzailea da; gerra giroko eta handinahiari buruzko filmak dira: The Dawn Patrol (1930, Egunsentiko patruila); Only Angels have Wings (1939, Aingeruak, hegodun bakarrak), Air Force (1943); western filmak: Sergent York (1941, York sarjentua), Río Bravo (1958), Red River (1948), Río Lobo (1970); abenturak: Hatari (1961); polizia filmak: Scarface (1932), The Big Sleep (1946, Lo handia), To Have and Have Not (1945, Izan eta ez izan); komediak: Bringing up Baby (1938), Monkey Business (1952).