Hawaii
(Antzina Sandwich uharteak). Polinesiako uhartedia, ipar Ozeano Bareko erdialdean, Kantzer tropikoko hegoaldean. AEBetako estatua da. 16.705 km2; 964.700 biztanle. Hiriburua: Honolulu. Hango polinesioak biztanle guztien % 1,5 eta mestizoak % 13,5 besterik ez dira, eta kanpotik etorritako talde jendetsuenak, berriz, japoniarrak (% 30), kaukasiarrak (% 30) eta filipinoak (% 11). Honolulun biltzen da biztanleen % 82. v Orografia. Koralezko hogeitik gora uhartek osatzen dute uhartedia, ipar-mendebaletik hego-ekialdera lerrokaturik. Zortzi hauek dira aipagarrienak: Niihau, Kauai, Oahu, Molokai, Lanai, Kahoolawe, Maui eta Hawaii. Guztiek sumendi jatorria dute; Mauiko Haleakala sumendiak munduko krater itzalirik zabalena du. Hawaii uhartean, garaiera handiena duena itzalia da: Mauna Kea (4.208 m). Kilauea sumendiak du uharteko kraterrik handiena. Mauna Loa (4.158 m), berriz, laba-alderik zabalena (5.120 km2 inguru). Erupziorik sonatuenak: Mauna Loa (1832tik aurrera hiru urte t’erdiz behin; 1914, 1935, 1950, 1975, 1984), Kilauea (1924, 1954, 1960). v Klima. Tropikala: euri jasa handiak tarteka eta eguzkitsua oro har. Ipar-ekialdeko alisioak eta uharteen garaierak latitudeari legokiokeena baino klima hotzagoa eragiten dute, eta tenperatura gorabeherak berdintzen. v Ekonomia. Nekazaritza eta turismoa dira uharteotako ekonomiaren oinarriak. Honolulu inguruan munduko turismogunerik handienetako bat dago (2,8 milioi bisitari urteko). Ekoizpen nagusiak azukre-kanabera eta anana dira. Eskulangintza, guztiz teknifikatua, enpresa handi gutxi batzuen eskuetan dago. Abere hazkuntza, kafea, lore ekoizpena eta arrantza garrantzi gutxiagokoak dira, baina hango premiak asetzeko adinakoak. v Historia. Cook-ek uhartedia aurkitu zuenean (1788) lau erreinutan zatitua zen. Handik gutxira Kamehameha I.a (1782-1810) ia lurralde osoaz jabetu zen eta administrazio bakarra ezarri zuen. Erregetzak 1893 arte iraun zuen. Bitartean hainbat metropoliren arteko gatazkak bizi izan ziren Hawaiien, AEBetako, Frantziako eta Britainia Handiko misiolariek, merkatariek, diplomatikoek eta abarrek esku hartzen zutelarik bertako arazoetan. 1893an, atzerritarrek osaturiko batzorde batek Liliuokalani erregina egotzi, eta 1898an AEBen mendeko lurralde bihurtu zen. 1922tik aurrera, berebiziko garrantzia izan zuen, AEBetako armadaren defentsaren Ozeano Bareko ardatz bihurtu baitzen Pearl Harbour. 1941eko abenduaren 7an japoniar gudarosteak Pearl Harbour-eko gerra portua bonbardatu zuen, galera gogorrak eraginik, eta haren ondorioz AEBak zuzenean gerran sartu ziren. 1959an AEBetako estatu bihurtu zen, 50.a, hain zuzen.