Hawthorne, Nathaniel
Estatu Batuetako eleberrigilea (Salem, Massachusetts, 1804 - Plymouth, New Hampshire, 1864). Familia puritano batean sortu zen (XVII. mendeko asaba bat epaile izana zen jaioterriko sorginen aurkako auzi ezagunetan). Lau urte zituela aita galdu eta amak hezi zuen giro ilunean eta puritanismoaren barruan. Hawthorneren obran islatzen dira, alde batetik, tradizio kalbinisten iraupena eta, bestetik, gizarte merkatariaren baitan murgildurik bizi beharra duen artista amerikarraren bakardadea. Lord Byronen eragina nabarmena du lehen eleberrian, Fanshawe (1828); historia gotiko bihurri horrekin ez zuen inolako arrakastarik izan. Lizentzia lortu ondoren hamabi urte eman zituen amaren etxean (1825-1837). Twice Told Tales (1837, Bi aldiz kontaturiko ipuinak), egonaldi hartan idatzitako liburuarekin eman zuen bere burua ezagutzera. Ezkondu ondoren (1842) Concord-en bizi izan zen eta Mosses from an Old Manse (1846, Egoitza zahar bateko goroldioak) da aldi hartako adierazgarri autobiografikoa. Salemeko aduana inspektore izendatu eta handik bi urtera egotzi zuten kargutik arrazoi politikoak zirela medio (1846-1848). Geroago argitaratu zuen bere eleberri nagusia: The scarlet letter (1850, Gutun eskarlata). Emakume adultero baten eta haren ez ustezko lagunaren historia honek arrakasta handia izan zuen. Lenox-en bizi zela izan zuen aldi emankorrena: The house of the Seven Gables (1851, Zazpi teilatuetako etxea); The Snow Image and Other twice told Tales (1851, Elurrezko irudia eta bi aldiz kontaturiko ipuin gehiago); The Blithedale Romance (1852, Blithedaleko eleberria), Brook Farm komunitate utopikoan izandako esperientziak inspiratua. Orduan ezagutu zuen H. Melville. Berriro Concord-era itzulirik, Pierce lehendakarigaiaren biografia ofiziala argitaratu zuen, eta hark lehendakaritza eskuratu eta Liverpool-eko kontsulatua eskaini zion. Sei urte iragan zituen Europan. The Marble Faun (1860, Marmolezko faunoa) Italian girotua da. Ameriketara itzulirik, gerra zibilak eta familiako zorigaitzek Hawthorneren oreka minbera okerreragotu zuten. Hiltzean amaitu gabe utzi zituen eleberri batzuk. v Hawthorneren obraren muina bekatuaren inguruko gogoeta da, eta egiteko horretan sinboloak eta alegoriak erabiltzen ditu. Etika, metafisika eta psikearen alorreko gertakariak darabiltza, baina gizartearen gorabehera konkretuak alde batera uzten ditu. Hawthorneren obrak bere garaiko autoreen zein gerokoen onespena izan du: E. A. Poe, H. Melville, H. James, W. Faulkner.
- Hawke, Bob
- Hawkes, John
- Hawking, Stephen
- Hawkins, John
- Hawks, Howard
- Hawthorne, Nathaniel
- haxa
- haxe
- haxekatu, haxeka, haxekatzen
- haxekatze
- haxelari