Hawking, Stephen
Ingeles fisikaria (Oxford, 1942). Zulo beltzei buruz egin dituen ikerketek zuzeneko ondorioak dituzte erlatibitatearen teorian eta quantumen mekanikan. Espazio-denboraren berezitasunez ere egin ditu zenbait lan. Hasieran erlatibitatearen teoria orokorraren eta batez ere zulo beltzen fisikaren alorrean jardun zuen. 1971n teoria bat azaldu zuen, adieraziz big bang-aren ondoan 1.000.000.000.000 tonatik gorako masa zuten baina protoi baten espazioa besterik hartzen ez zuten gorputzak eratu zirela. Objektu horiek —mini zulo beltz deituak— guztiz bereziak dira, beren masa eta grabitate ikaragarriarengatik erlatibitatearen legez arautzen direlako, eta beren tamaina guztiz txikiarengatik quantumen mekanikaz ere uler daitezkeelako. 1974an egin zuen proposamenaren arabera, quantumen teoriari jarraituz, zulo beltzek atomoz behetiko partikulak jaurtitzen dituzte, beren energia agortu eta lehertzen diren arte. Hawking-en lanek eragin handia izan dute zulo beltzen tasunak teoria mailan zehazteko, hain zuzen ere, zulo beltzei dagokionez ezer ezin zitekeela jakin uste baitzen Hawkingek bere lanak argitaratu arte. Bere obra nagusiak: The large scale structure of space-time (1973); Superspace and supergravity (1981), eta The very early universe (1983). 1993-1996 urteetan bere Denboraren historia laburra lanean oinarrituriko BBCko telebista sail batean lan egin zuen. Hawkingen aginduei jarraituz, Silicon Graphics enpresak Cosmos ordenagailu handia egin zuen, Deep Blue famatua baino indartsuagoa (1997). Argitaratu dituen azken liburuetan, aipagarrienak dira: Auzi kuantiko eta kosmologikoak (1995) eta espazio eta denboraren nolakotasuna (1996).
- Hawaii
- hawaiiar
- hawaiiera
- Hawke, Bob
- Hawkes, John
- Hawking, Stephen
- Hawkins, John
- Hawks, Howard
- Hawthorne, Nathaniel
- haxa
- haxe