Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Hare, David

Britainiar antzerkigile eta zuzendaria (St. Leonards, Susssex, 1947). Antzerki lan asko idatzi ditu, eta lan horietako askotan gogor kritikatu du britainiar gizartea. Ingeles filologiako ikasketak egin zituen, Cambridgen. Ikasketak bukatuta, zinema konpainia batentzat lan egin zuen eta antzerki talde ibiltari eta esperimental bat sortu zuen: Portable Theatre Company. Aldi berean Royal Court Theatren lan egin zuen, literatura zuzendari gisa (1969-1970) eta antzerkigile gisa (1970-1971). 1972an Portable Theatre Companyk porrot egin zuelarik Notthingham Playhousen hasi zen lanean antzerkigile gisa. Gero beste antzerki talde bat sortu zuen, David Aukin eta Max Stafford-Clarkekin batera: Joint Stock Theatre Group. Talde horretako zuzendari izan zen 1975-1980 bitartean. Hareren antzerki lanetako askok eduki politiko handia dute, eta Bigarren Mundu Gerraren ondoko ingeles gizartea kritikatzen dute. Pertsonaiak ere, askotan, mundu postmodernoak desliluratu edo usteldutakoak dira. Halaber, askotan azaltzen ditu bere lanetan sexu errepresioa eta instituzio tradizionalen hustasuna. Racing Demon-en adibidez, Ingalaterrako Elizaren hutsaltasuna eta hipokrisia salatzen ditu apaiz homosexual baten pertsonaiaren bitartez. Antzerki lan aipagarrienak dira: Slag (1970); The Great Exhibition (1972); Brassneck (1972, Howard Brentonekin batera idatzia); Knuckle (1974); Fanshen (1975); Teeth "n" Smiles (1975); Plenty (1978); A Map of the World (1983); Pravda (1985); The Secret Rapture (1989); Racing Demon (1990); Murmuring Judges (1991); Absence of War (1993); Skylight (1995). Antzerkia ez ezik zinema ere landu du. 1982an Greenpont Films konpainia sortu zuen eta Wetherby (1985) eta Strapless (1989) filmak idatzi eta zuzendu ditu. Plenty (1985), Paris by Night (1989), eta Damage (1992) filmak ondu ditu, eta 1993an The Secret Rapture zinemara moldatzen lagundu zuen.