Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

hardware

Konputagailuen egitura fisikoek (zirkuituak, osagai elektronikoak, kableak, etab.) osatzen duten multzoa. Ing. Konputagailuaren funtzionamendurako erabiltzen den ekipoa. Sistema informatiko baten osagai materialak sartzen dira kontzeptu horretan. Osagai horien funtzioa hiru maila nagusitan zatitu ohi da: sarrera, irteera eta metatzea. Kategoria horietako osagaiak bus izeneko hari edo zirkuitu multzo baten bidez lotuta daude ordenagailuaren unitate prozesatzaile zentralarekin, konputagailua kontrolatzen duen eta kalkulatzeko ahalmena ematen dion mikropozesagailuarekin. Euskarri logikoa edo software-a, berriz, ordenagailu batek datuak manipulatzeko erabiltzen duen argibide multzoa da: testu prozesatzaile edo bideo joko bat, esate baterako. Programa horiek unitate prozesatzaile zentralera igortzen dira ordenagailuaren hardware-aren bitartez, eta han gordetzen dira. Software-ak, bestalde, hardware-a erabiltzeko modua arautzen du, biltegi bateko informazioa berreskuratzeko modua, adibidez. Sarrerako eta irteerako hardware-aren interakzioa BIOS ("sarrera eta irteerako oinarrizko sistema", ingelesez) deitutako software-ak kontrolatzen du. Nahiz eta, teknikoki, mikroprozesatzaileak hardware-tzat hartzen diren, haren funtzioaren parte batzuk software-arekin daude lotuta. ■ Sarrerako hardwarea. Sarrerako hardwareak informazioa eta argibideak eskaintzen dituzten kanpoko gailuak ditu –hau da, prozesuaren unitate zentraletik kanpoko osagaiak–. Lapitz optikoa punta fotosentibera duen ziri moduko bat da; pantailan bertan marrazteko erabiltzen da, edo pantailako informazioa hautatzeko lapitzaren botoia sakatuz edo lapitzarekin pantaila sakatuz. Mouse edo sagua erakusgailu moduko bat da. Eskuaz erabiltzen da. Azpian detektagailu bat izaten du (bola bat, kasurik gehienetan, edo argi mekanismo bat); detektagailu horri esker, sagua gainalde lau batean lerratuz, erabiltzaileak pantailako kurtsorearen mugimendua kontrolatzen du. Objektuak hautatzeko edo pantailan argibideak eskatzeko, erabiltzaileak saguko botoi bat sakatzen du. Joystick-a palanka bat duen gailu bat da, eta pantailako kurtsorea edo beste objektu grafiko bat gidatzeko erabiltzen da. Teklatua idazmakinaren antzeko tekla multzoa da, erabiltzaileak testuak idazteko eta argibideak emateko erabiltzen duena. Teklatu batzuek funtzio berezietarako teklak dauzkate, erakusgailu bereziak txertatua (trackball-ak edo kurtsorea mugitzeko bolak, esate baterako), edo ukitzeari sentiberak diren lekuak, bertan behatzez ukituz pantailako kurtsorea gidatzeko aukera ematen dutenak. Digitalizatzaile optiko batek tresna fotosentiberak ditu, irudiak (argazki bat edo testu bat, esaterako) seinale elektroniko bihurtuta makinarentzat erabilgarri gerta daitezen. Argazki bat, adibidez, konputagailuan sar daiteke digitalizatuta, eta konputagailuan sortutako testu dokumentu batean txertatu gero. Digitalizatzaile arruntenak eremu lauko digitalizatzailea (fotokopiagailu baten antzekoa) eta eskuko digitalizatzailea dira. Azkeneko hau prozesatu nahi den irudiaren gainetik pasatzen da eskuz. Mikrofonoa hotsak seinale bihurtzen dituen tresna bat da, seinale horiek gorde, manipulatu eta berriro entzun ahal izateko gero. Ahotsa ezagutzeko moduluak, berriz, ordenagailuak ezagutu eta prozesa dezakeen informazio bihurtzen ditu hizketako hitzak. Modema konputagailua telefonoaren linearekin lotzen duen tresna da; linea horren bidez aukera ematen du informazioa trukatzeko beste ordenagailu batzuekin. Informazioa jasotzen edo bidaltzen duten ordenagailu guztiek modemarekin lotuta egon behar dute. Igorgailuaren modemak telefono hariaren bidez hartzailearen modemeraino igortzen du informazioa seinale analogiko bihurturik, eta ordenagailu hartzailearen modemak informazio elektroniko bihurtzen du atzera seinale hori. ■ Irteerako hardwarea. Irteerako hardwareak baditu kanpoaldean gailu batzuk konputagailuaren prozesuaren unitate zentraleko informazioa erabiltzaileari eskuratzeko. Pantailaren bidez, ordenagailuak sortutako informazioa ikusgai bihurtzen da. Pantailak izpi katodikoetako monitoreak edo beira isurkarizko pantailak (LCD, ingelesez) izaten dira gehienak. Izpi katodikoetako monitorea telebista pantaila baten antzekoa da, eta argia igortzen eta irudiak sortzen dituen gainalde fosforeszente bat zeharkatzen duen elektroi sorta baten bidez irudikatzen da prozesuaren unitate zentraletik datorren informazioa. LCD pantailak izpi katodikoetako monitoreak baino zapalagoak eta txikiagoak dira, eta eskuko ordenagailuetarako erabiltzen dira gehienbat. Inprimagailuek konputagailuko testuak eta irudiak hartzen dituzte eta paperean inprimatzen dituzte. Inprimagailu matrizialek burdin hari txiki-txiki batzuen bidez zinta tindatu bat kolpatzen dute karaktereak eratuz. Inprimagailu laserrek, berriz, argi sortak baliatzen dituzte, toner izeneko pigmentu beltzezko partikula txikiak itsasten zaizkion zilindro batean irudiak marrazteko. Tonerra paperezko orrian aplikatzen da irudia sortzeko. Tinta erabiltzen duten inprimagailuek tinta tantak isurtzen dituzte paperean karaktereak eta irudiak sortuz. ■ Biltegi hardwarea. Biltegi hardwarean ordenagailuak uneren batean beharko duen informazioa eta programak gordetzen dira. Bi biltegi edo gordailu mota nagusi daude: diskoak eta memoria. Zenbait disko mota daude: gogorrak, malguak, magneto-optikoak eta konpaktoak. Disko gogorrek diskoaren partikula magnetikoetan gordetzen dute informazioa. Konputagailu barruan egoten dira, informazio kopuru handia gorde dezakete, eta berehala eskura dezakete atzera. Disko malguek ere berez malguak edo zurrunak izan daitezkeen disko trukagarrietako partikula magnetikoetan gordetzen dute informazioa; disko gogorretan baino informazio gutxiago sartzen da eta informazioa atzera eskuratzeko ere askoz denbora gehiago behar izaten da. Disko magneto-optikoek laser argira eta eremu magnetikoetara sentiberak diren disko trukagarrietan biltzen dute informazioa. Disko gogor batek adina informazioa gorde dezakete, baina hura berreskuratzeko denbora gehixeago behar dute. Disko konpaktoek (CD-ROM) disko batean grabatutako ildoetan biltzen dute informazioa; informazioa ezin da ezabatu ez beste batez ordezkatu. CD-ROMek disko gogor batek adina informazioa gorde dezakete, baina informazioa atzera eskuratzeko lastertasun txikiagoa dute. Unitate prozesatzaile zentralak azkar berreskuratu behar duen informazioa biltzen duten txipez osatua dago memoria. Ausazko irispideko memoria (RAM, ingelesez) konputagailuetako programak ibilarazten dituzten informazioa eta argibideak gordetzeko erabiltzen da. Programak disko unitateetatik RAMera igaroarazten dira. RAMi memoria lurrunkorra ere esaten zaio, txipetan gordetako informazioa galdu egiten baita ordenagailua deskonektatzean. Irakurketa esklusiborako memoriak (ROM, ingelesez) konputagailuak behar bezala funtzionatzeko beti eskura izan behar dituen informazioa eta softwarea ditu: pizten denetik itzaltzen den arte makinaren ekintzak gidatzen dituen sistema operatiboa, esaterako. ROM memoriari memoria ez lurrunkorra esaten zaio, ROM memoriako txipek ez baitute informazioa galtzen ordenagailua deskonektatzen denean. Tresna batzuk beste helburu batzuetarako ere erabiltzen dira. Adibidez, disko malguak sarrerako gailu gisa ere erabil daitezke erabiltzaileak erabili eta prozesatu nahi duen informazioa baldin badute. Irteera gailu gisa era erabil daitezke, erabiltzaileak bere konputagailuaren emaitzak bildu nahi baldin baditu bertan. ■ Hardwarearen konexioak. Behar bezala funtzionatzeko, hardwareak lotura material berezi batzuk behar ditu bere osagaiak elkarrekin komunika daitezen. Busa, esate baterako, kable edo zirkuitu multzo bat da, konputagailuaren barne atalen arteko informazioa koordinatzen eta garraiatzen duena. Konputagailu baten busak bi kanal ditu: bata prozesuaren unitate zentralak datuak bilatzeko erabiltzen duena (helbideen busa), eta bestea datuak helbide jakin batera bidaltzeko erabiltzen dena (datuen busa). Busak bi ezaugarriren arabera bereizten dira: aldi berean erabil dezaketen informazio kopuruaren (busaren zabalera) eta datuak inora helarazteko azkartasunaren arabera. Serieko konexioa prozesuaren unitate zentralaren eta kanpoaldeko gailuren baten (sagua, teklatua, modema, digitalizatzailea, inprimagailu mota batzuk) arteko informazioa helarazteko erabiltzen den haria edo hari multzoa da. Konexio mota horrek datu bakarra helarazten du aldi bakoitzean; motel samarra da, beraz. Serieko konexioaren abantaila nagusia distantzia luzeetan eraginkorra izatea da. Paraleloko konexioak zenbait kable multzo erabiltzen ditu kolpe batean informazio sorta bat baino gehiago helarazteko. Digitalizatzaile eta inprimagailu gehienek konexio mota hori daukate. Paraleloko konexioak askoz azkarragoak dira seriekoak baino, prozesuaren unitate zentralaren eta kanpoaldeko gailuaren artean hiru metro baino gutxiago daudenean betiere.