Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Hardy, Thomas

Idazle britainiarra (Upper Bockhampton, Dorsetshire, 1840 - Max Gate, Dorchester, 1928). Lurjabe txikiz osaturiko familia batean jaio zen; etxean bertan grekoa eta latina ikasi zituen. Arkitektura ikasi ondoren, literaturari lotu zitzaion; eleberria, poesia eta antzerkia landu zituen. 1872an argitaratu zuen bere lehen lan aipagarria, Under the Greenwood tree (Baso berdearen azpian). 1873an, A pair of blue eyes (Begi urdin parea) bigarren eleberria agertu zen, Emma Laviniak, hurrengo urtean berekin ezkonduko zen emakumeak inspiratua. Ondoko eleberriek ospe handia eman zioten literaturazaleen artean. Hona haietariko ezagunenak: Far from the Madding Crowd (1874, Jendetza zoroagandik urrun); Return of the Native (1878, Sorterrirako itzulera); The Mayor of Casterbridge (1886, Casterbridgeko alkatea); The Woodlanders (1887, Basoko biztanleak); Tess of the D’Ubervilles (1891); Jude the Obscure (1895, Juda Iluna). Obra horietan ikuspegiak eta nekazari lanak eta ohiturak jasotzeko trebetasunaz gainera, pertsonaien psikologia barneratzeko dohain handiak erakutsi zituen Hardyk. Mundu zaharraren eta berriaren arteko gatazka erakusten du, Wessex izeneko alegiazko lurralde mitikoa delarik jokalekua. Bestalde, halabeharrak kupidagabe astindu ohi ditu Hardyren pertsonaiak, eta haren aurka ezin dute deus egin. Umoreak pesimismo hori jabaldu egiten du kontakizun liburuetan: Wessexeko ipuinak (1888), A group of noble dames (1891, Dama nobleen taldea), Life’s little ironies (1894). Azkeneko urteetan, Hardyk prosari utzi eta hitz neurtuz idazteari ekin zion. Jardun horri dagozkio besteak beste: Poems of the Past and Present (1901, Iraganeko eta egungo poemak); The Dynasts, Napoleonen gerrak gai duen poema dramatiko luzea (1904-1908); Time’s Laughing-Stock (1909, Denboraren jostailuak); Satires of Circunstance (1914).