Guido d’Arezzo
Italiar beneditarra (990 inguruan - Sainte-Croix d’Avellano, 1050). Arezzoko katedraleko irakasle zen. Musikari buruzko ikerketa ugari egin zituen (horien artean, Micrologus ospetsua, XIV. mendea arte oso zabaldua). Musikako notaziorako metodo bat asmatu zuen, eta belarria hezitzeko ikasbidea, era horretan entzundako doinua notetan jartzeko eta notak irakurtzeko bide emanez (ordu arte, entzute hutsez ikasten zen gregorianoa). Bera izan zen notak idaztearen alde azaldu zen lehena, eta Ut queant laxis ereserkia oinarritzat hartuz, nota bakoitzari izen bat eman zion.