Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Grenada

(Izen ofiziala, Grenada; Ing., Grenada). Ameriketako erdialdeko estatua, Antilla Txikietan. Haizebeko uharteetako hegoaldeneko uhartea da. 344 km2 eta 89.502 biztanle (2005, grenadarrak). Mugak: iparraldean, San Bizente; ekialdean, Ozeano Atlantikoa; hegoaldean, Trinidad eta Tobago; mendebaldean, Karibeko itsasoa. Hiriburua: Saint Georges (30.000 biztanle, saintgeorgestarrak). Hizkuntza: ingelesa (ofiziala). Erlijioa: katolikoak (% 53), anglikanismoa (% 13,8), protestanteak (% 33,2). Dirua: Karibe Ekialdeko dolarra. ■ Lurraldea. Haizaldeko uhartediko uharte bat da, hegoaldekoena, Venezuelaren iparraldetik 160 bat kilometrora dagoena, Karibeko itsasoaren ekialdean. Uhartean medikate bat da, baso sarriez estalia. Hegoaldean ugari dira badiak, hondartzak eta portu naturalak. Bai Grenadako uhartea, bai estatua osatzen duten beste uharte txikiak –Carriacou (34 km2), Ronde, eta Petit Martinique (2 km2)– sumendi jatorrikoak dira. Hala, Grenada uhartea sumendi kate batek zeharkatzen du iparretik hegora, eta mendi horietatik sortzen diren ibaiek oso lur emankorreko ibarrak eratzen dituzte. Sumendirik garaiena Saint Catherine da (840 m) eta itzalita dago aspaldi. Sumendi horietako krater batzuetan aintzirak eratu dira: Grand Étang eta Antoine dira handienak. Kostaldea oso hautsia da, sartu-irten asko eta badia zabalak ditu. Horietako batean, Grand Anse izenekoan, dago hiriburua. Klima tropikala du, tenperatura epel eta beti berdinekin itsas haizeen eraginarengatik, eta euritsua da udan. Aldian behin urakanek hondamendi handiak eragiten dituzte etxebizitzetan eta lursailetan. Hezetasun handiko ingurunea izanik, oihan tropikal sarriak estaltzen du uharte osoa, nekazaritzarako luberritu diren sailetan izan ezik. Lurra oso aberatsa da, eta landaretza eta fauna oso oparoak. Haize erauntsiak izaten dira batzuetan, kalte handiak eragiten dituztenak. ■ Biztanleak. Uharteko biztanle gehienak beltzak dira, Afrikatik eraman ziren esklaboen ondorengoak. % 15 mulatoak edo mestizoak dira, eta horien bizi maila beltzena baino hobea da. Biztanle gehienak kostaldean eta hiriburuan bizi dira. Hizkuntza ofiziala ingelesa da, baina patoisa ere –frantsesaren dialekto kreolea– erabiltzen da. ■ Ekonomia. Ekonomiaren oinarri nagusiak nekazaritza eta turismoa dira. Batez ere zitrikoak, platanoa, pinaburua, azukre kanabera, kakaoa, kokoa, kopra eta kotoia lantzen dira, bainila, iltzea, intxaur muskatua eta beste bizigarri batzuez gainera. Lehen sektorean, abeltzaintza, arrantza (soinberak eta oskoldunak) eta basogintza ez daude oso aurreratuta, eta nekazaritzak baino pisu gutxiago dute nazioaren ekonomian. Dagoen industria apurra nekazaritzako eta arrantzako gaiak eraldatzen dituen janari industria da. Ez dago mearik, ez energia sortzeko baliabiderik. Turismoak gero eta garrantzi handiagoa du nazio ekonomian. Baina langabetuen kopurua oso handia da (biztanleen heren bat), eta NPGa Karibeko apalenetako bat da. v Historia. Kolonek aurkitu zuen Grenada 1498an, baina hurrengo 150 urteetan Karibeko indiarrek gobernatu zuten uhartea. 1650an frantsesek bereganatu zuten, eta 1762an ingelesek; haien mende egon zen hurrengo berrehun urteetan. 1974an erdietsi zuen independentzia, eta Commonwealth-en baitan jarraitu zuen. M. Bishop lehen ministro sozialistak 1978an estatu kolpe baten bidez hartu zuen agintea, eta Herri Gobernu Iraultzailea aldarrikatu zuen. Pixkanaka Hego Ameriketako estatuekiko harremanak gaiztotu egin ziren, Grenadak Kuba eta Sobietar Batasunaren aldera jo ahala; azkenean, 1983an H. Austin jeneralak, Estatu Batuen laguntzaz, beste estatu kolpe baten bitartez Bishop agintetik egotzi eta hil egin zuen (biztanleen % 1 hil zituzten). Estatu Batuek, NBEk ekintza hura gaitzetsi bazuen ere, bere osteak bidali zituen, uhartean bizi ziren mila eta ehun amerikarrak babestu behar zirela eta, eta Austin atxilotu zuten. 1983-85 urteetan Estatu Batuetako armadak utzi zuen uhartea. 1984an hauteskundeak izan ziren, eta hala gobernu demokratiko bat ezarri zen berriz Grenadan. Hauteskunde haietan Alderdi Nazional Berriko burua, H. Blaize, atera zen lehen ministro. Herbert Blaizek ekonomiak gora egin zezan lortu zuen hurrengo urteetan, turismoan oinarrituta gehienbat. Urte haietan uharteko arazo nagusiak gazteen langabezia, gaizkiletasuna eta droga trafikoa ziren. Blaize 1989an hil zen, eta Ben Jonesek (Alderdi Nazionalekoa) hartu zuen haren lekua, enpresaburuen eta lurjabe handien babesarekin. 1990eko martxoaren 13an –1979ko estatu kolpearen urteurrenean– hauteskunde orokorrak egin ziren eta Nicholas Braithwaite atera zen garaile, Estatu Batuen begiko hautagaia. 1994ko datuen arabera, langabezia % 30 ingurukoa zen eta emigrazio handia zegoen. Bananaren, kokoaren, zuraren eta intxaur muskatuaren nazioarteko prezioen gainbeherak bazuen zer ikusirik horretan. 1995eko martxoan eta apirilean grebak egin ziren ekonomiaren sektore nagusietan (hoteletan, azukre kanabera eta kakao sailetan). Turismoa, nekazaritzarekin batera, ekonomiaren oinarri nagusia bada ere, Granada ez zegoen Karibeko beste uharte batzuekin lehian aritzeko moduan. 1995eko hauteskunde orokorretan Alderdi Berri Nazionalak irabazi zion gobernuko Kongresu Nazional Demokratikoari, eta baita 2003ko hauteskundeetan ere. 1996ko maiatzean elkarren laguntzarako hitzarmenak eta estradizioenak izenpetu zituen Estatu Batuekin, droga trafikoaren konytako kanpainaren barruan. Apirilean, Grenada eta Kuba harremanetan hasi ziren berriro, Estatu Batuen 1983ko inbasioaz geroztik etenda baitzeuden. Lehen Ministro Keith Mitchelek bisita ofiziala egin zuen Kubara, eta elkarren laguntzarako hitzarmena izenpetu zuen Kubako bere kidearekin. 2004. urtean Ivan urakanak izugarrizko kalteak eragin zituen Grenadan, etxeen %90 desegin zituen; hala ere, oso bizkor berregin zen.
http://www.grenadagrenadines.com/index2.html