Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

greko

izond. eta iz. Sin. greziar. Greziakoa, greziarra; Greziako herritarra. || iz. Sin. greziera. Greziako hizkuntza. v Hizkl. Hizkuntza indo-europarra, batez ere Grezian hitz egiten dena, greziera. Greziaz kanpo Egeo itsasoko ia uharte guztietan hitz egiten da, eta baita Anatoliako itsasaldean ere. Historia luzea —hizkuntza indo-europarren artean luzeena— eta agirietan ongi jasotakoa du (K.a. XIV. mendetik gaur arte iristen da). Lau aldi ezagutu ditu grekoak gaurko egoerara iritsi arte: antzinako grekoaren aldia (K.a. XIV. mendetik K.a. IV. mendera) edo dialektoen garaia; greko helenistikoa (K.a. IV. mendetik K.o. IV. mendera). Greko batua edo koine hizkuntza sortu zen garai horretan. Greko bizantziarrak (K.o. V. mendetik XV. mendea arte) aurrekoa garbia ez zelakoan, idazteko hizkuntza arkaikora itzuli ziren; eta gaurko grekoa (XV. mendetik gaur arte). Hiru mota bereizten dira gaurko grekoan: lehenengoa, dialektoak, elkarren artean oso desberdinak; bigarren mota, demotikoa, hirietan hitz egiten den grekoa, ia denek ulertzen eta ezagutzen dutena; hirugarrena, katharevusa deritzana, gai teknikoetarako erabiltzen den hizkuntza “garbia” eta arkaikoa. 1976. urteaz gero, demotikoa izan da Greziako hizkuntza ofiziala, katharevusa-ren lekua ere hartu duela. v Grekoaren gramatikak ia ez ditu aldaketak izan historian zehar, hizkuntza errazteko aldaketa batzuk izan dituen arren. Bi numero ditu gaurko grekoak (singularra eta plurala), eta dual kasua galdua du; hiru genero ditu (maskulinoa, femeninoa eta neutroa); sei kasu zituen antzinako grekoak, gaur lokatiboa eta instrumentala galduak ditu; hiztegi aberatsa du eta sintaxi malgua.