Greene, Al
Estatubatuar kantaria (Forrest City, 1946). Musika beltzaren –eta zehatzago, soul musikaren– ahots berezienetako bat. 1964an Michiganera joan zen familiarekin, eta The Creations taldea sortu zuen beste hiru lagunekin. Hiru urte geroago, Al Greene & The Soul Mates izena hartu zuen taldeak eta Hot Line Music Journal disko konpainia sortu zuen, eta arrakasta handiko lehenengo diskoa argitaratu zuen: Back Up Train. Hurrengo singleak, baina, ez zuen arrakastarik izan, taldea desegin zen eta Greene bakarlari gisa hasi zen. 1969an Willie Mitchell ezagutu zuen eta handik aurrera hura izan zen bere kantu hoberenen ekoizlea. Berehala talde berri bat sortu zuen, haizezko musika tresnez eta organoaz lagunduta. Talde berriak 1971n lortu zuen arrakasta, Tired Of Being Alone abestiarekin, eta batez ere Let's Stay Together diskoarekin. Greeneren karrerak gora jarraitu zuen, baina 1974an bizitza aldatu zion ezbehar larri bat gertatu zen: haren andregaia izandako batek semola irakina bota zion gainetik eta erredura handiak eragin zizkion; emakumeak, gero, bere buruaz beste egin zuen. Nolanahi ere, handik gutxira, Sha-La-La (Make Me Happy) abestia argitaratu zuen, arrakasta handiz. 1975ean Al Green Explores Your Mind diskoa argitaratu zuen, Take Me To The River kanta ospetsuarekin. Ezbeharra gertatu zenez geroztik, baina, gizon erlijioso bihurtu zen: 1976an eliza bat erosi zuen eta apaiz egin zen. Hurrengo urtearen hasieran Keep Me Cryin' argitaratu zuen, Willie Mitchell eta bere musika bandarekin egin zuen azkeneko lana. 1978an Truth ´N´ Time eta Belle Album kaleratu zituen, aurrekoak baino askoz espiritualagoak, barneak agintzen zionaren arabera. 1980ko hamarraldian buru-belarri eman zen elizara, eta gospel musika baizik ez zuen egin.