Goenaga Mendiola, Aizpea
Gipuzkoar antzezlea (Donostia, 1955). Juan Luis Goenaga margolariaren arreba. Antzerki, zinema eta telebista munduan ibilbide luzea egin du, antzezpenean ez ezik, baita gidoigile eta antzerki idazle gisa ere. Ttantaka antzerki taldearen eskutik, Dakota eta Pecata Minuta lanetan parte hartu du, besteak beste. Hainbat telebista sailetan ere aritutakoa da, Euskal Herrian nahiz Euskal Herritik kanpo: Hau da A.U., Bi eta bat, Gure familia eta beste piztia batzuk, Goenkale, Al salir de clase, Periodistas, El comisario eta Teilatupean, besteak beste. Zinemari dagokionez, El polizón de Ulises (1987), Santa Cruz, el cura guerrillero (1991), Adiós Toby, adiós (1995), Pecata Minuta (1999) edota Yoyes (2000) filmetan aritu da. Telebistarako egin dituen gidoigile lanez gain, Donostia Hiria saria irabazi zuen euskarazko antzerkiari eskainitako sailean Zu(t) gabe lanarekin. 2000. urtean, Antzezten… teketen ten! haur antzerkiari buruzko liburua argitaratu zuen. 2002an haurrentzako abentura-liburu bat argitaratu zuen, Lauterdi pirataren altxorra, eta 2004an Santurtziko Serantes Kultur Aretoak ematen dituen Testu Dramatikoen Serantes saria irabazi zuen, euskarazko atalean, Agur betirako antzerki lanarekin.