Goenaga Mendiola, Juan Luis
Gipuzkoar pintorea (Donostia, 1950). Bartzelonan eta Parisen egin zituen pintura eta eskultura ikasketak. Itzalak izeneko saila aurkeztu zuen 1972an eta Euskal Pinturaren Sari Nagusia eskuratu. Bi urte geroago Belarrak, Hari matazak eta Sustraiak sailak erakutsi zituen eta 1975. urtean Sorgin kontuak aurkeztu. Bihurrikatu egiten ditu irudiak, gai groteskoak, magikoak, errituak eta begirada ankerrak nahasten diren neofiguratibismo molde baten barruan. Erakusketa ugarietan hartu du parte Goenagak. 1985ean Donostiako Udalak antolatutako Bi Urteko Arte Lehiaketan irabazle suertatu zen Jose Luis Zumetarekin batera, eta urte askoan dirauen elkarlanari ekin zion Donostiako Altxerri galeriarekin 1991n; hala, bertan egin zituen bakarkako erakusketan 1991, 1993, 1994 eta 1995ean. 1993an pintura lantegi baten ardura hartu zuen Artelekun, eta 1995ean Ilbeltza, por caminos de sombras y silencio erakusketa atzera begirakoa eskaini zioten Donostiako Koldo Mitxelena Kulturunean. Besteak beste, 1971tik 1974ra bitartean egindako argazki lana erakutsi zuen 1998an Zarauzko Photomuseumek, eta 1999an leizeetako marrazkietan eta historiaurrean inspiratutako erakusketa antolatu zuen Tolosako Aranburu Jauregian.