Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

globalizazioa

Munduko eskualdeen arteko lotura politiko, ekonomiko, kultural eta sozialak areagotzen dituen prozesua. ■ Kultura eta soziologiaren esparruetatik fenomeno hau modu ezkorrean interpretatu izan ohi da sarritan. Kulturaren galera moduan, izan ere, espazio handiagoetatik datozen kultura sinboloek betetzen baitituzte tokian tokiko espazioak. Ikuspegi horretatik, kezkagarria ikusten da kulturaren homogeneizazioa, tokian tokiko nortasun ezaugarriak irensteko arriskuaz, alegia. Edonola ere, aukera hori arriskutsua izanik ere, aipatu behar da gaurko egunean kulturaren aniztasun berriari sarrera egiteko aukerak ere sortzen ari direla. Izan ere, lehen ez bezala, egun, ugari dira muga politikoak eta geografikoak gainditu ditzaketen gizarte-harremanak. Hala, desiragarritzat eta posibletzat aldarrikatu izan da globaltasunaren tokian tokiko erabilera eta, aldi berean, tokian tokikoaren erabilera globala. ■ Ekon. Ekonomiaren globalizazioa, nazioartekotzea edo mundializazioa 1990eko hamarkadan arreta handia bereganatu duen gaia izan da. Globalizazioa alderdi ekonomikoetara soilik mugatzen ez den arren, ezin uka daiteke prozesuaren alderdi nagusietako alderdi ekonomikoa dela. Herrialde eta enpresen ekonomia jardueran nazioarteko merkataritzak duen garrantzi gero eta handiagoa azpimarratzeko erabiltzen da hitz hau ekonomian. Beraz, nazio ekonomiak munduko ekonomiaren markoan integratzeko prozesua da globalizazioa. Prozesu horren ondorioz ekonomiaren bilakaera geroz eta gehiago izango da nazioarteko merkatuen mendekoa, eta gero eta gutxiago lekuan lekuko nazio-estatuen jarduera politikoaren araberakoa. Globalizazio ekonomikoaren eragile nagusiak nazioz gaindiko enpresak edo enpresa trasnazionalak dira. ■ Globalizazio prozesuaren hedapen eta ondorioei buruz eztabaida sakona izan da. Hala, autore batzuentzat globalizazio prozesuaren intentsitatea eta hedapena erabat agerikoak eta ezinbestekoak dira, eta prozesuak herrialde, enpresa, eta, oro har, hiritar guztiengan du eragina. Bestetik, beste ikuspuntu batzuen arabera, globalizazioa, oro har, ez da erretorika eta mitifikazio hutsa baino; horiek diotenez globalizazio prozesua neurtzeko, esaterako, atzerriko merkataritza jarduera (esportazioak gehi inportazioak) eta ekonomiaren output osoaren arteko zatikia erabiltzen bada, argi ikus daiteke zatiki hori, eta nazioarteko merkataritza trukeak beraz, 1950. urteaz geroztik haziz joan dela. Adierazle horren arabera, ordea, Erresuma Batua eta Frantzia, esaterako, 1913. urtean baino atzerri aldera irekixeago baino ez lirateke izango, eta Japonia, berriz, orduan baino ere itxiago legoke nazioarteko merkataritzara; datu horiek globalizazioaren eragina goraipatzen duten tesien aurkako lirateke. ■ Edonola ere, badirudi nabarmena dela globalizazioaren eragina asko aldatzen dela merkatu batetik bestera; alegia, ondasun eta zerbitzuen merkatua, lan merkatua edota finantza merkatua izan. Ondasunen merkatuan argi ikusten da askotan merkataritzaren liberalizazioa eta desarautzea ez direla topiko hutsak baizik. Merkataritza askerako de facto egun dauden oztopo errealak, teorian izan beharko luketenak baino askoz handiagoak dira. ■ Nazioarteko merkataritzan badiraute oraindik oztopo garrantzitsuak, besteak beste, kontsumitzaileen gustuak, desberdintasun kulturalak, garraioen kostuak, muga-zergak, osasun estandarrak, kalitate arauak, eta abar. Nazioarteko merkatuek oso urruti dute oraindik herrialdeetako barne merkatuek duten integrazio maila. Eta are gehiago zerbitzuen merkatuaren kasuan, zenbait zerbitzu salbu (finantza zerbitzuak esaterako), oraindik ere erabat nazionalak baitira, nahiz eta, hori bai, informazio teknologia berriek esparru horretan etorkizunari begira duten ahalmena ere kontuan izan beharrekoa den; izan ere teknologia horiek erabat ahalbidetuko baitute iraganean ezinezkoak ziren hainbat zerbitzu etorkizunean erraz inportatzea edo esportatzea (itzulpenak, bideohitzaldiak, lege aholkularitza, medikuntza zerbitzuak, eta abar). ■ Finantza merkatuek bizi izan duten globalizazio prozesuari buruzko adostasuna zabala da. Merkatu horietan “kapitalak ez du mugarik” esapidea bete dela esan daiteke, izan ere kapitalak, errentagarritasunik handienaz inbertitzeko lekurik egokienak aurkitzeko xedean, planeta osoan barrena eta denbora errealean mugi daitezke eta. Nazioarteko finantza trukeek, eta bereziki jarduera espekulatiboek, areagotze itzela izan dute azken urteetan. Datuak esanguratsuak dira. Ordainketak Berdintzeko Nazioarteko Bankuak eginiko kalkuluen arabera, nazioarteko merkatuan eta edozein lanegunetan, batez beste 1,5 bilioi dolarreko balioa duten dibisak eskualdatzen dira. Nazioarteko finantzei buruzko aditu handienetakoa den Cambridge Unibertsitateko John Eatwell ekonomistaren estimazioen arabera, 1970. urte aldera nazioarteko kapitalaren % 90 merkataritzarako eta epe luzerako inbertsioak egiteko erabiltzen zen, alegia, jarduera produktiboetarako, eta gainerako % 10 berriz espekulazio jardueretarako erabiltzen zen. 1990 urterako, ordea, ehunekoak erabat ziren alderantzizkoak: % 90 espekulazio jardueretarako (oso epe luzera errentagarritasun handia helburu duten mugimenduak) eta % 10 merkataritza eta epe luzerako inbertsioetarako. Funtsean merkatu espekulatzaileak dira, beraz, finantza globalizazioari loturikoak, herrialdeetako ekonomia errealen bilakaera positiboarekin inolako zerikusirik ez izan arren, bilakaera horretan eragin handia dutenak. ■ Bi faktore nagusik ahalbidetu dute finantza merkatuek bizi izan duten globalizazio prozesu bortitza: alde batetik, ezinbestekoa izan da nazioarteko merkatuek bizi izan duten desarautzea eta liberalizazioa, eta, bestetik, informazio teknologien arloan aurrerakuntza handiak egin dira. ■ Bigarren Mundu Gerraren ostean nazioarteko kapital mugimenduek zituzten kontrolak bere horretan mantendu ziren, irabazleek Bretton Woods sistemaren truke tasak finko mantentzea erabaki zutenean. Alabaina, 1970. urtearen hasera aldera, Bretton Woods sistemak porrot egin zuen, eta truke tasa malguko beste sistema bat ezarri zen, eta sistema hori sortu zenetik herrialde guztiak kapital mugimenduei oztopoak kentzen hasi ziren. ■ Bestetik, azpimarratzekoa da informazio teknologien arloan, eta bereziki telekomunikazioetan, egin diren aurrerakuntzen eragina. Sistema telematiko eta informatikoen ahalmena izugarri handitu da, eta aldi berean prezioek behera egin dute nabarmen. Hala, azkeneko hamarkadetan ordenagailuen prozesatze kostua batez besteko, urtero, eta termino errealetan, % 30ean murriztu dela kalkulatu da. Beren artean erabat elkar loturik diren munduko finantza merkatuen artean, inongo oztoporik gabe, eta ziztu bizian dabil beraz kapitala. ■ Globalizazioak sor ditzakeen ondorio positibo eta negatiboei buruzko eztabaida ere sakona izan da. Prozesuaren abantailak azpimarratzen dituztenen ustez globalizazioak etorkizunean produktibitate tasak eta bizitza kalitate estandarrak areagotuko ditu nonahi, zeren ekonomia globalki integratu batek nazioarteko lan banaketa hobea ekarriko baitu: lan soldata apalak dituzten herrialdeak eskulanean intentsiboak diren produktuetan espezializatuko dira, eta soldata garaiak dituzten herrialdeak berriz beren langileak beste modu produktiboagoetan erabiliko dituzte. Era bertsuan, finantza merkatuen globalizazioaren onurak goratzen dituzte; izan ere, kapitalek batetik bestera inongo oztoporik gabe inbertsio optimoen bila aritzeko aukera baitute, errentagarritasun apaleko proiektu nazionalak finantzatzen gelditu beharrean. ■ Aitzitik, globalizazioaren kritikoentzat prozesua ez da inondik inora horren positiboa. Hauen ustez, garapen bidean diren herrialdeen lan baldintza eskasek mendebaldeko ekonomietan lanpostuak galaraziko dituzte, soldatak jaitsaraziko, eta, oro har, lan merkatuen baldintzak txartuko. Bestalde, herrialdeetako administrazioek, lehiakortasun preziatua lortu ahal izateko borrokan, zergak, zerbitzu sozialak eta ingurumenaren kontrolak murriztuko dituzte. Jarrera kritiko hauek ere azpimarratu izan dute mundu mailan finantza merkatuek duten indar gero eta handiagoa. Merkatu horien gorabeherek nazio ekonomietan krisialdiak sortzeko duten ahalmena salatu izan da, eta adibidetzat hartu izan dira Europako Diru Sistemak 1992 eta 1993 urteetan bizi izandako krisia, 1994 eta 1995 urteetan Mexikok izan zena, eta Asiako hego-ekialdean 1997. urtean gertatua. Finantza globalizazioaren aurrean, ikuspegi horretatik, nazioko ekonomia politiken eraginkortasuna murriztu egiten da. Herrialdeetako banku zentralek, esaterako, ezer gutxi egin dezakete truke-tasen egonkortasunaren alde finantza merkatuetan mugitzen diren kapital ikaragarrien aurrean. Globalizazio prozesuak sortu dituen desorekak zuzentzeko ahalmena duten nazioz gaindiko erakundeen gabezia azpimarratu izan dute, azkenik. ■ Bestalde, globalizazioaren eragina planeta osoan hautematen den arren, orobat planeta osoa sistema global horretara ez dela biltzen diote. Izan ere, munduaren parterik handiena eta biztanle gehienak ez baitira sistema honetan bizi: enpresa globalentzako erakargarriak diren eskualdeak eta biztanleak soilik lotzen dira era global batez; ekonomia interesek gidaturik, kapitalentzako interesgarriak diren lekuak baino lotzen ez dituen lastertasun handiko tren bihurtzen da globalizazioaren prozesua. Prozesu honek, tamalez, bazterrera uzten ditu leku ez-errentagarri guztiak. Ekonomia globalaren ezaugarri nagusia, mundu osoan, eta denbora errealean, ekonomiak osotasun edo banako bat balitz bezala lan egiteko duen ahalmena da. Beren artean erlazionaturiko lau oinarrizko faktorek gidatu eta bultzatu dute globalizazio prozesua: nazioarteko merkataritzaren areagotzeak; enpresa multinazionalen hazkundeak; nazioarteko finantza elkartrukeen hazkunde itzelak; eta aipatutako jarduera horietan denetan informazio teknologiak aplikatzeak.