Genette, Gérard
Literatura kritikari frantsesa (Paris, 1930). Egitura-azterketaren eta forma literarioen teoriaren ordezkari nagusietako bat. Frantses literaturako irakasle izan zen Sorbonako Unibertsitatean, Parisen. Bere artikulu hoberenak Figures (1966, Irudiak), Figures II (1969) eta Figures III (1972) liburuetan bildu zituen. Lehenengo bietan kontakizunen egitura, barrokoaren erretorika, Nouveau romana eta poetika narratiboa aztertu zituen, poetika literarioa eta generoen teoria txandakatuz etengabe. Hirugarrenean ere aurrekoetako hausnarketa bera egin zuen: erretorika hitz egiteko irudien errepertorio gisa ez ezik, generoen teoria gisa ere ulertuz (“Kritika eta poetika”, “Erretorika mugatua”, “Metonimia Prous-en obran”). Azken obra horretan, Genettek, Denbora galduaren bila obraren egitura narratiboak aztertuz, narrazioaren teoria bat egin zuen. Aurrerago, Nouveau discours du récit (1983, Kontakizunaren diskurtso berria) obran, literaturaren osagai semiologikoak sakondu zituen. Beste lan batzuk: Mimologiques: voyage en Cratylie (1976, Mimologikak: bidaia Cratylie-ra) eta Introduction à l´architexte (1970, Artxitestuari buruzko sarrera) idazlanetan, poetika generikoaren fenomenoen deskripzio estrukturalista egin zuen; Palimpsestes (1982, Palimpsestoak) obran, berriz, intertestualitateak literaturan jokatu duen papera aztertu zuen, imitazioa, parodia eta beste genero mota batzuen bitartez, berak “paratestu” deitzen duenaren bitartez alegia.
- Genesis
- Genet, Jean
- genetika
- genetiko
- Genevilla
- Genette, Gérard
- Genevilla
- Gengis Khan
- Genil
- genitibo
- Genius