Genet, Jean
Frantses idazlea (Paris, 1910 - Paris, 1986); olerkiak, eleberriak eta antzerki lanak idatzi zituen. Umetan bere amak umezurtzentzako etxe batean utzi zuen, eta hamar urte zituela lapurreta bat leporatu zioten: gertakari hark bere bizitza osoa markatu zuen. Sarritan sartu zuten kartzelan, eta gaiztakeria izan zuen bere irizpide etiko eta estetikoa. Espetxean idatzi zituen Chant secret poemak (1945), Notre-Dame des Fleurs (1946) eta Miracle de la rose (1947) kartzelako mundua xamurtasunez goraipatzen dituen eleberriak. Geneten antzerki lanetan gizartearen kontra doazen balioen apologia azaltzen da. Pariak, emagalduak, lapurrak, baztertuak oro har ditu pertsonaia nagusiak. Les Bonnes (1947), Les Nègres (1958), Le Balcon (1960) eta Les paravents (1966): joko bikoitzak dituzte obra hauek oinarrian, liturgiako ospakizunei jarraituz. Journal du voleur (1949) obra autobiografikoan argitu zituen J. Genetek bere asmoak zehaztasunik handienaz.