Gengis Khan
Mongoliako inperio zabalaren sortzailea (1155, 1162 edo 1167-1227); Temutjin zuen benetako izena. Haren aita mongoliar leinu askoren buru izan zen. 1196an, leinu nomaden arteko hainbat liskar eta borrokaren ondoren, Gengis Khan mongoliarren errege izendatu zuten. Berehala hasi zen inguruko leinuen kontra borrokan, bere eragina zabaltzeko asmotan. Hala, Mongolian eta Mantxuria aldean nomada bizi ziren tartaroak menderatu zituen lehenbizi. Ondoren, 1203. urte inguruan, Mongoliako sartaldean bizi ziren turkiarrak azpiratu eta haien lurraldeez jabetu zen. 1206. urtean, Goi Mongoliako leinu guztiak suntsitu edo menderatu ondoren, mongoliar guztien khan (jaun) goren izendatu zuten. Gengis Khan Txinaren aurka oldartu zen orduan, eta 1215ean Pekinen sartu zen. Geroago, Bujaraz eta Samarkandaz jabetu zen (1220-1221), eta 1222an Azerbaijandik Errusia hegoaldera sartu zen bere gudarostea. 1225an Gengis Khan Mongoliara itzuli zen. 1226an Txinan matxinada bat izan zela, Gengis Khan hura zapaltzera joan eta bertan hil zen. Inperioa bere semeen artean banatu zen. Gengis Khanen inperio zabalaren mugak Koreatik Europako atariraino iritsi ziren.