Gaxen, Inesa
Nafar emakumea, sorgintzat hartu zutena (Bastida, Nafarroa-Beherea, 1566 - Lapurdi, XVII. m.). Sorgina zelako kargua hartu zioten Hendaian eta Bordeleko parlamentuan epaitu zuten hemezortzi urte zituela, baina, probarik ez zutelarik, libre utzi zuten azkenean. Bere egoeran zeuden emakume asko bezala, Bidasoaz bestaldera igaro eta Irunen bizi izan zen hogei urtez. Beste zazpi urtez egon zen Hondarribian. 1611. urtean, haur batzuek sorgina zela esan eta preso hartu zuten berriro ere, beste emakume batzuekin batera. Beste emakumeek ez bezala, hasieratik bururaino ukatu zituen Inesa Gaxenek salaketa guztiak, berarekin atxilo hartutako emakumeenak barne, era guztietako presio eta estuasunak jasan behar izan bazituen ere. Hondarribiako epaiek Logrońoko Inkisizioaren eskuetan utzi zuten auzia eta, espero ez zen bezala, kargurik gabe utzi zituzten salaturiko emakume guztiak, Inesa Gaxen tarteko. Hondarribiko herritar askok ez zuen epaia onartu eta, azkenean, Hendaiako mugan utzi zituzten Inesa Gaxen eta beste emakumeak.