Gaviria Trujillo, César
Kolonbiar politikaria (Pereira, 1947). Ekonomia eta lege ikasketak egin zituen Andeetako Unibertsitatean. 1978an, Alderdi Liberaleko kide gisa, Julio César Turbayren gobernuaren Plangitza eta Garapenerako ministrorde izendatu zuten. Aurrerago, Virgilio Barcoren gobernuan, Finantza ministerioaren ardura zuela, nekazaritzaren erreforma diseinatu zuen, eta zerga sistema modernizatu. 1987an, Barne ministro gisa, gerrillarekin elkarrizketatu zen eta droga trafikoaren aurka ekin zuen. 1989an, Luis Carlos Galán lehendakarigaiaren kanpainan parte hartu zuen, baina urte horretan bertan droga trafikatzaileek hil egin zuten Galán. Gaviriak alderdiaren buruzagitza eskuratu zuen eta lehendakaritzarako hautagai aurkeztu zuen bere burua 1990eko hauteskundeetan, elkarrizketaren aldeko programa erreformista batekin. Lehendakari hautatu zuten gehiengo osoz, herrira bakea ekartzeko itxaropenarekin. Bere gobernuan alderdi politiko desbedinetako kideak sartu zituen, eta, denen harridurarako, baita M-19 gerrilla taldeko kide ohi bat ere, Navarro Wolf. Haren agintaldian errotik aldatu zen droga trafikoaren aurkako borroka, beren burua justiziaren eskuetan uzten zuten droga trafikatzaileei Estatu Batuetara estraditatu gabe Kolonbian bertan epaitzeko eskubidea ematen zien dekretu bat onartu baitzuen. Halaber, talde paramilitarrak eta droga trafikoan aritzen zirenak desegiteko informazioa ematen zutenei kartzela zigorra arintzea agindu zuen. 1994n, Amerikako Estatuen Erakundeko (AEE) idazkari nagusi hautatu zuten. 1996ko apirilean, talde ezezagun batek bere anaia Juan Carlos bahitu zuen, eta lehendakari gisa irabazitako diruen berri eman zezan eskatu zuen.