Gay, Peter
Estatubatuar historialaria eta idazlea, Alemanian jaioa (Berlin, 1923). Ilustrazioan eta Frantzia eta Alemaniako pentsamenduan aditua. Bere jakintza zabalagatik eta jakintza hori argitasunez azaltzeko trebeziagatik, irakaskuntzan lan asko egina. Haren idatziek bideratu zuten gai horien irakaskuntza Estatu Batuetako unibertsitateetan. Peter Gay Berlinen sortu zen, baina Bigarren Mundu Gerraren hasieran, familiak Alemaniatik ihes egin behar izan zuen, Kubara lehenbizi (1939), eta Estatu Batuetara gero (1941). Politika zientzietako ikasketak egin zituen, eta historiako eskolak eman zituen unibertsitatean. Lan nagusiak: The Dilemma of Democratic Socialism (1952); Voltaire's Politics: The Poet as Realist (1959); The Party of Humanity: Essays in the French Enlightenment (1964); The Enlightenment: An Interpretation (1966); Weimar Culture (1968). 1970eko hamarraldian zenbait proiektu handitan parte hartu zuen: The Columbia History of the World (1972), Modern Europe (1973). Bestalde, Freudi buruzko zenbait lan idatzi zituen: Freud: A Life for Our Time (1988). 1984an The Bourgeois Experience: Victoria to Freud sailaren lehenengo liburua argitaratu zuen. Egin duen lanagatik, sari eta ohorezko aipamen ugari jaso ditu. Besteak beste, 1996an, Estatu Batuetako Arte eta Letren Akademiako urrezko domina jaso zuen, alor horretako sari nagusia Estatu Batuetan.