Gavel, Henri
Hizkuntzalari eta euskalari frantsesa (Saint-Pol-sur-Ternoise, Pas-de-Calais, 1880 - Angelu, 1959). Okzitaniako Tolosako unibertsitateko irakaslea, latin hizkuntzetan jakituna eta Euskaltzaindiko ohorezko euskaltzaina izan zen. Gaskoia eta gaztelera ondo ezagutzen zituela euskara lantzen hasi zen. RIEV, Gure Herria, Gernika, Euskera, Eusko-Jakintza eta Bulletin du Musée Basque agerkarietan eman zituen argitara euskararen inguruan egin zituen lanik garrantzizkoenak. Gramatika, fonetika eta erlijio musika landu zituen batez ere. Obra nagusiak: Eléments de phonétique basque (1920), Un pélerin de Saint-Jacques au Pays Basque à la fin du XV siècle (1922) eta Grammaire basque (amaitu gabea, 1929). Aipagarria da, halaber, Berterretxen Khantoria, la chanson de Berteretche, texte, traduction et notation musicale avec introduction (1924) obra, Erdi Aroko poesiari buruzko azterketa kritikoa.