Gavaskar, Sunil Manohar
Indiar cricket jokalaria (1949). XX. mendearen bukaerako jokalari hoberenetako bat eta lasterraldi gehien egin dituenetako bat. Gizon txikia, teknika zoragarrikoa eta kontzentrazio ahalmen handikoa. Slip fielder bikaina zen. 1967an hasi zen jokatzen, Bombay taldean. Indiako selekzioarekin 1971n jokatu zuen bere lehenengo partida. Selekzioko kapitain izan zen 1978-1979 urteetan, eta berriro 1983tik 1985era. Guztira, 125 partida jokatu zituen selekzioarekin: 10.122 lasterraldi egin zituen (partidako 51,12 batez beste), 34 century markatu zituen (punturik gehien, kanporatua izan gabe: 236), eta 10 catche lortu zituen. 30 hundred egin zituen nazioarteko partidetan, eta Don Bradmanen errekorra hautsi zuen horrela, baina hark jokatutako partida kopurua halako bi jokatu behar izan zuen balentria hori lortzeko. Lehen mailan aritu zen 21 urteetan 25.834 lasterraldi egin zituen (51,46 lasterraldi, batez beste), 81 hundred markatu zituen (punturik gehien: 340) eta 293 catche egin zituen.