Garay, Juan de
Bizkaitar konkistatzailea (Urduña, 1528 - Rio de la Plata inguruan, 1583). 15 urte besterik ez zuela Ameriketarantz jo zuen eta Peruko lurretara iritsi zen. Bertan Charcasen eta Potosin borrokatu zen eta berehala heldu zen kapitain izatera. Santo Domingo de la Nueva Rioja eta Santa Cruz de la Sierrako hiriak sortu zituen; azken hiri hartan zazpi urte eman zituen. 1568. urtean Rio de la Platara abiatu zen eta bertako gobernari zen eta osaba zuen Juan Ortiz de Zaratek hiri bat sor zezala agindu zion. Inguruak aztertu ondoren Santa Fe de la Vera Cruz hiria eraiki zuen 1573. urtean. Handik denbora laburrera osabak laguntza eskatu zion; Juan de Garay berarengana zihoala ontzia hondoratu egin zen eta bertako biztanleek eraso egin zieten Garay eta bere gizonei. Garay zauriturik gertatu zen arren garaile irten zen eta gobernariari lagundu ondoren Rio de la Platako kapitain nagusi izendatu zuen hark. Ondoren berak Nueva Bizcaya deitu zuen egungo Uruguai eta Paraguaiko lurraldeak konkistatu zituen. 1579. urtean Villa Rica del Espiritu Santo eta Santiago de Jerez hiriak sortu zituen eta urtebete geroago Buenos Aires hirira berriro jendea eramatea deliberatu zuen. Garay-ren agindupean sortu zen Buenos Airesko eraikuntza lanetan bertako biztanleek beharturik parte hartu zuten. 1581. urtean Buenos Airesko hegoaldeko lurralde eta kostaldeak konkistatzera irten zen, baina Buenos Aireserako itzuleran hil zuten bere gizon askorekin batera.