Garay, Francisco
Espainiako koroaren agindupean jardun zuen euskal konkistatzailea (? - Mexiko, 1523). Kristobal Kolonekin joan zen haren bigarren bidaian. Jamaikako gobernari izan zen Diego Kolonen agindupean. Aberastu ondoren, Mississippi ibaia aurkitu zuen espedizioa ordaindu zuen; Alonso Alvarez de Pineda izan zen espedizio buru (1519). Urtebete geroago Mexikorantz abiatu zen bertan kolonia bat sortzeko asmoz (Panuco) baina Hernán Cortés-i aurre egin behar izan zion. 1523. urtean Cortés-ek Panuco hartu zuela jakin zuenean Franciscok koloniara jo zuen segituan; bidean gizon asko galdu zituen ordea eta Cortés-en agindupean jarri behar izan zuen ondoren. Cortés-ek Mexikora bidali zuen Palmas ibaiaren inguruko lurraldeetara jendea bizitzera eraman zezan baina handik gutxira biriketako gaitzak jota hil zen Francisco.