Garayalde, Javier
Nafar jazz musikaria. Iruñeko Pablo Sarasate Goi Kontserbatorioan ikasi ondoren, jazzaren bidea hartu zuen, gehienbat saxofoia eta klarinetea landuz, nahiz eta ikasle garaian pianoa, tronpeta eta biolina ere jo ohi zituen. 1970eko hamarkadan hasi zen jazz musikari bezala, eta bere garaiko instrumentista handienekin jotzeko aukera izan zuen. Nafarroako hainbat jaialditan parte hartu ondoren, Bartzelona, Madril eta Parisen aritu zen jotzen eta bere prestakuntza osatzen. 1985ean, Donostiako Jazzaldian parte hartzeaz gain, saxofoi katedra lortu zuen oposizio bidez Iruñeko Pablo Sarasate Kontserbatorioan. Orduz geroztik irakaskuntza eta interpretazioa uztartzen ditu. Kontserbatorioko Saxo Laukotearekin, bere inguruan eratu dituen talde profesionalekin zein beste jazzlari batzuekin lankidetzan aritu da. Musika klasikoa ere jorratu du, Euskadiko Orkestra Sinfonikoarekin edota Radio-Televisión Española orkestrarekin. 1994-95 ikasturtean Garayalderen eskutik hasi zen jazza irakasten Pablo Sarasate Kontserbatorioa, eta berak sortu zuen, orobat, bertako ikaslez osatutako Big Banda. Jazz musikari bezala, estilo anitz lantzen du, eta malgutasun horri esker inguru eta eredu askotara egokitzen da bere musika. Bere errepertorioa osatzen dute konpositore berrien lanek, jazzaren obrarik klasikoenek zein berak sortutako piezek.