Gandhara
Antzinako eskualdea, gaur egungo Pakistango ipar-mendebala hartzen zuena. Antzina Indiako eta Mediterraneoko kultura joeren biltokia izan zen. Irango akemenestarrena izan zen K.a. VI. eta V. mendeetan, eta IV. mendean Alexandro Handiak bereganatu zuen. K.a. I. mendetik K.o. VII. mendea arte Gandhara arte budistaren garaleku izan zen. v Gandharako artea. Gandharako eskualdean K.a. I. mendetik VII. mendea arte garatu zen arte budistaren joera. Eskualde hori mendeetan zehar kultura askoren topaleku izan da. Asoka Indiako enperadorearen agintaldian (K.a. III. mendea) budismoak eragin handia izan zuen Gandharan, eta K.a. I. mendean harreman handiak izan zituen Erromarekin. Gandharako eskolak budismoaren elementuei Erromako arte klasikoaren teknikak erantsi zizkion (mahats orriak, aingeruak, zentauroak…), baina oinarrizko ikonografia indiarra zen.