Gandhi, Rajiv
Indiar politikaria (Bombay, 1944 - Sriperumpudur, 1991). Indiako estatu burujabea sortu zenean Lehen Ministro izandako Jawaharlal Nehruren iloba da, eta haren ondorengo Indira Gandhi Lehen Ministroaren semea. Rajiv Gandhik Indian egin zituen hasierako ikasketak, eta Cambridgeko Unibertsitatean eta Londresko Imperial Collegen osatu zituen. Gaztetan ez zuen erakutsi politikako arazoekiko halako kezkarik, eta hegazkintzan hasi zen lanean. Amaren ondorengotzarako prestatzen ari zen Sanjay anaia gaztea hil zitzaiolarik, ordea, bere lanbidea utzi eta haren lekua bete zuen 1980an Rajivek, amaren nahiari jaramon eginez. Denbora gutxian amaren aholkulari eta politikari ospetsu bihurtu zen, eta 1983. urtean Kongresuaren I Alderdiko lau idazkari karguetatik bat betetzeko izendatu zuen amak. 1984. urterako Indiako politikaririk ospetsuenaren maila iritsi zuen, bere amaren ondoren. Urte hartan ama hil zuten atentatu batean, eta alderdiko buruek Rajiv hautatu zuten Lehen Ministro eta Kongresuaren I Alderdiko lehendakari. Indiako hauteskundeetan garaipena lortu ondoren, demografia kontrolatzen, heziketan eta gizartean hainbat berrikuntza egiten eta etnien arteko liskarrak baretzen saiatu zen, baina ez zuen halakorik lortu; bestalde, kanpo politika kaskarra eraman zuen aurrera (Indiak hainbat liskar izan zituen inguruko herrialdeekin) eta ustelkeria salaketei aurre egin behar izan zien. Horrela, 1989ko hauteskundeetan irabazle atera zen, baina ez zuen gehiengorik lortu, eta Gandhik bertan behera utzi zuen lehendakari kargua. 1991n berriro aurkeztu zen hauteskundeetara, baina kanpainako mitin bat ematen ari zela hil zuten gerrilla tamileko kideek.