Gandhi, Mohandas Karamchand
(Mahatma Gandhi izenez ezaguna). Indiar filosofo eta politikaria (Purbandar, 1869 - Delhi, 1948). Familia aberats batean jaioa zen. Lehen ikasketak Ahmadabad-en egin zituen, eta zuzenbide ikasketak Londresen. Hasieran Bombayn lan egin zuen legegizon gisa, eta gero Hegoafrikara joan zen; lurralde hartako gobernuak zeraman politika arrazistaren kontra eta indiarren alde agertu zen (1893). Indiara itzuli zenean ingelesen kontrako kanpaina bat antolatu zuen, eta kartzelan sartu zuten “jazarpen zibila”ren alde azaldu zelako; Ingalaterratik ekarritako gaiekiko boikota proposatu zuen, eta indiar bakoitzak bere jantziak egin zitzala eskatu. Ahimsa, indarkeria ezaren eta gizakien arteko berdintasunaren aldeko sutsua izan zen; harijan (ukiezinak) kastakoen duintasuna eskatu zuen. Eragin handia izan zuen Kongresuko Alderdian. Gerra garaian kartzelan sartu zuten (1942-1944). Indiaren askatasunerako elkarrizketetan parte hartu zuen (1947). Goizeko otoitzak egiten ari zela brahman batek hil zuen 1948ko urtarrilaren 30ean. Mahatma (“arima handi”) izenez ere ezaguna da.
- Gándara Enríquez, Marco
- Gandarias
- Gandhara
- Gandharva
- Gandhi, Indira
- Gandhi, Mohandas Karamchand
- Gandhi, Rajiv
- Gandia Lahidalga, Santos
- Gandia
- Gandiaga Artetxe, Bittoriano
- gando