Frigia
(Gr. Phrygia) Asia Txikiko antzinako eskualdea, Anatoliako goi-ordokiaren iparraldean, Lidiaren eta Kapadoziaren artean. Frigiarrek (muxki), Traziatik edo Danubio ingurutik etorritako indoeuroparrek, Asia Txikiko erdialdean eta mendebalean bizi ziren hititak bertatik bota eta lurralde hura hartu zuten (K.a. 1200. urte inguruan) eta Eufrates garaia irabazi zieten asiriarrei (1100. urte inguruan). Gordium zen garai hartan Frigiaren hiriburua. K.a. VIII. mendean izan zuen loraldia eskualde horrek, Midas, Gordioren semea, errege zen garaian. Baina mende hura bukatzerako zimeriarrek eraso zieten eta haien mende geratu zen. Persiak menderatu zuen K.a. 546an. Alexandroren ondorengoen artean banatu zuten Frigia; parte bat, seleukotarrena, Pergamoko erresumako lurralde bihurtu zen (K.a. 188), beste parte bat, ekialdekoa, zeltek bereganatu zuten eta Galazia izena hartu zuen (K.a. 275). K.a. 103tik aurrera erromatarren Asia probintziako lurraldea izan zen. Frigiarren zibilizazioak indar handia izan zuen, bai beren erresuman eta baita erresuma horretatik kanpo ere (pintatutako zeramika lanek eta musikak Antzinako Greziarekin harremanak zituela adierazten dute). Arkitektura eta erlijio ezaugarriak Anatoliatik Frigiara eta Frigiatik Greziara hedatu zirela dirudi. Elezahar baten arabera, Zibele jainkosa frigiarrak erakutsi zizkion bere misterioak Dionisori, eta beste elezahar batek dioenez, Silene izan zen Dioniso hezi zuena. Zibeleren eta Atisen gurtzak Frigiaren bitartez hedatu ziren Erromara.