Friedman, Jerome Isaac
Estatu Batuetako fisikaria (New York, 1930). Chicagoko Unibertsitatean egin zituen ikasketak eta 1956. urtean lortu zuen doktoregoa; 1957an Stanfordeko Unibertsitatean sartu zen, ikertzaile laguntzaile gisa. 1963. urtean Massachusettseko Institutu Teknologikoan sartu zen, fisikako irakasle gisa; hango laborategi nuklearreko buru izendatu zuten 1980an, eta fisikako saileko zuzendari izan zen 1983-1988 urteen artean. 1963az gero Kendall eta Taylorrekin lankidetzan jardun zuen Friedmanek. Linac izeneko zatiki azeleragailu lineala asmatu zuten. 1967-1975 bitarteko ikerketetan elektroiak, protoiak eta neutroiak bonbardatzeko erabili zuten linac-a, eta atomoaren nukleoko protoietan eta neutroietan barrenagoko beste egituraren bat bazela adierazten zuten arrastoak aurkitu zituzten; azterketa sakonagoak eginda, protoien eta neutroien inguruan gai oso-oso txiki batzuk zebiltzala ikusi zuten (quarkak); horrela, Friedman eta bere lankideen ikerketei esker, quarken kontzeptua argitu ahal izan zen. 1990. urtean Fisikako Nobel saria lortu zuen, Henry W. Kendal eta Richard E. Taylor lankideekin batera, atomoen nukleoari buruz egindako ikerketengatik eta quarkek zatikien fisikan duten zeregina zehaztu izanagatik.