Friedan, Betty
Estatu Batuetako idazlea (Peoria, Illinois, 1921 - 2006). Massachusettseko Smith Collegen egin zituen ikasketak. Estatu Batuetako emakumeen eskubide zibilen aldeko "National Organization for Women" erakundearen sortzaileetakoa izan zen (1966), eta haren zuzendari izan zen 1970. urtea arte. National Women's Political Caucus antolatzen parte hartu zuen (1970) eta antolaketa lanak egin zituen, orobat, 1973. urteko International Feminist Congress biltzarrean; First Women's Bank emakumeen bankua sortzen lagundu zuen 1973an. 1963an The Feminine Mystique (Mistika femeninoa) liburua eman zuen argitara, eta feminismoaren aitzindari bihurtu zen obra harekin; gogor kritikatu zuen emakumeak amatasunaren eta etxeko lanen bidez bakarrik iristen direla betetasunera eta zorionera dioen ideia; aitzitik, Friedanek dioenez, emakumeek bestelako zereginen bidez lor dezakete zoriona. 1976an It Changed My Life (Nire bizitza aldatu zen) argitaratu zuen, propagandagile politiko gisa jardun zuen garaiko esperientziak jasotzen dituen liburua. Hurrengo lan aipagarrian 1981ean plazaratu zuen, The Second Stage (Bigarren aldia) izenburupean; Friedanek feminismoaren bilakaera aztertu zuen eta bere ikuspegia azaldu zuen liburu horretan, eta jarrera moderatuagoa eta kritikoagoa agertu zuen bere pentsamendu erradikalaren aurrean. Politikan egindako ibilbideaz gainera, irakasle eta hizlari gisa lan egin du unibertsitatean. Azken urteetako lanetan aipagarria da The Fountain of Age (1993, Adinaren iturria): obra horretan heldutasun aroko bizitasuna nabarmentzen du Friedanek, eta zahartzaroari aurre egiteko proposamen berrizaleak azaltzen ditu.