Frei Ruiz-Tagle, Eduardo
Txiletar politikaria (Santiago de Chile, 1942). Txileko lehendakaria (1994). Txileko lehendakari izandako Eduardo Frei Montalvaren semea. Ingeniaritza ikasketak egin zituen Txileko Unibertsitatean. 1958an hasi zen bere karrera politikoa, Alderdi Demokratakristauko kide gisa, eta hurrengo urteetan aitari lagundu zion lehendakaritzarako kanpaina prestatzen. 1969tik aurrera, eraikuntzan hasi zen lanean ingeniari gisa, Sigdo Koppers S.A. enpresan. 1985ean, aita hil eta hiru urtera, berriro politikan hasteko asmoa azaldu zuen, aitak bukatu gabe utzitakoa burutzeko. Hauteskunde Libreak batzordearen sortzaile eta bultzatzaileetako bat izan zen, Augusto Pinochet jeneralaren diktaduraren kontrako borrokan. 1989an senatari hautatu zuten, eta hiru urte geroago bere alderdiko lehendakaritza hartu zuen. 1993ko maiatzean, Demokraziaren Aldeko Alderdi Itunaren lehendakaritzarako hautagai izendatu zuten, eta abenduko 14an, Errepublikako lehendakari, bere alderdikide Patricio Aylwinen ordez. Alderdi Itunaren barruko eztabaidak gorabehera, ekonomiaren goraldiak boterean eutsi zuen koalizioa, baina arazo politiko larriei egin behar izan zien aurre, gudarosteak eragindakoei batez ere. Nahiz eta 1997ko hauteskundeetan Demokraziaren Aldeko Alderdi Itunak (Alderdi Sozialista, Demokraziaren Aldeko Alderdia, Alderdi Erradikal Sozialdemokrata, eta Freireren Alderdi Demokratakristaua bera bldurik) gehiengoa lortu zuen diputatuen kongresuan, Txileren Aldeko Batasuna eskuindarrak bere aulki kopurua gehitzea lortu zuen, senatuan batez ere, eta konstituzioan erreforma demokratikoak sartzeko aukera alferrik galdu zen. 1998ko urtarrilean, Pinochetek gudarostean erretiroa hartzeak eta hilarteko senatari bihurtzeak sortu zuen krisi politikoaren erdian, Freik kargutik kendu zuen Defentsa ministroa, Edmundo Pérez Yoma, diktadore ohiarengandik gertu zegoelakoan. 2000. urteko martxoan Ricardo Lagosek hartu zuen presidente kargua Freiren ordez.