Freedman, Michael Hartley
Estatubatuar matematikaria (Los Angeles, Kalifornia, 1951). Lehenengo ikasketak Berkeleyn egin zituen, Kaliforniako Unibertsitatean, eta Princetongo Unibertsitatean jarraitu zuen gero ikasten. Doktoregoa Princetonen egin zuen, William Browderen zuzendaritzapean. Graduatu ondoren Berkeleyko Kaliforniako Unibertsitatean lan egin zuen, matematikako sailean. Postu horretan egon zen 1973tik 1975era; urte hartan Princetongo Ikerketa Aurreratuetako Institutuko kide egin zuten. 1976tik aurrera San Diegoko Kaliforniako Unibertsitateko irakasle da. Horrez gainera, matematikako Charles Lee Powell katedra ere betetzen du 1985az gero. Poincaréren konjeturari buruz egindako lanari esker, 1986an Fields domina jaso zuen Berkeleyko Matematikarien Nazioarteko Kongresuan. Konjetura hori XX. mendeko matematiketako problema ezagunenetako bat da. Fields dominaz gainera, Freedmanek ohore asko jaso du, topologian egindako lanari esker bereziki: 1984an Kaliforniako Urteko Zientzialaria izendatu zuten, eta urte berean MacArthur Fundazioko kide eta Zientzietako Nazio Akademiako kide egin zuten; 1985ean, berriz, Ameriketako Arte eta Zientzietako Akademiako kide izendatu zuten. 1987an Zientzietako Nazio Domina jaso zuen. Veblen saria, Humboldt saria eta Guggenheim Fellowship saria ere jaso ditu.