Frankfurt am Main
Alemaniako hiria (Hesse), Main ibaiaren ondoan dagoena. 593.400 biztanle (1986). Unibertsitatea (1914). Bigarren Mundu Gerran hiriaren % 60a desegin bazen ere, Frankfurtek antzinako monumentuak gorde ditu XV. mendeko hirigune inguruan: Römerberg, XV. mendeko katedrala eta Udaletxea, zenbait eliza gotiko (San Leonardo, XV-XVI. mendeak; Santa Katarina, XIV-XVII. mendeak), 1426ko ate-dorrea; Goethe-ren jaiotetxea. v Lur, ibai eta aire bidezko komunikabidegune nagusia izan da Frankfurt antzinatik, eta metropoli handia finantzetan (Banku nagusiak, Alemaniako lehen Burtsa), merkataritzan (azoka ospetsuak). Industriak merkataritzak adinako garrantzia du, kimika industriak batez ere (Hoechst, AEG), makinagintzak, automobilgintzak (Opel), etxeko tresnak, larrugintza eta elikagai arloa. Nazioarteko liburu erakusketa, Städel museoa.
v Historia. Hiria VIII. mendean eraiki zen, I. mendeko gotorleku erromatar baten gainean. Karlos Handiak Frankoniako hiriburu eta enperadorearen egoitza izateko hautatu zuen. Ezaguna zen Erdi Aroan bertan egiten ziren azokengatik; merkataritzan eta finantzetan oso leku garrantzitsua izan zen. Hiri libre inperiala zen, enperadore germaniarrak han koroatzen ziren harik eta 1806. urtean Napoleonek Dukerri Handi bateko hiriburu egin zuen arte. 1815. urtean hiri libre bihurtu zen berriro, Konfederazio germaniarreko hiriburu. 1866. urtean Prusiak bereganatu zuen. 1871. urtean Frankfurten izenpetu zen Frantzia-Alemania arteko gerraren amaierako ituna. 1920. urtean Frantziako gudarosteak berme gisa hartu zuen hiria Versaillesko hitzarmena beteko zela bermatzeko. Bigarren Mundu Gerran hiriaren % 60a suntsitu zen, baina 1945. urtetik aurrera berriro eraiki zen. v Frankfurteko Hitzarmena. Bismarck-ek eta Thiers-ek Versaillesen hasiera eman ondoren (1871ko otsailaren 26an), 1871ko maiatzaren 10ean egin zen hitzarmen horren bidez 1870-71 bitarteko Frantzia-Alemania arteko gerraren amaiera hitz hartu zen. Frantzia garaituak Altsazia (Belfort izan ezik) eta Lorrenako ipar-ekialdea (Thionville eta Metz barne, Briey-ko ibarra izan ezik) eta berrogeita hamar milioi franko-urre eman behar izan zion Alemaniari, eta ordainketa egingo zela ziurtatzeko, Alemaniako gudarosteak hogeita bat departamendu frantses hartu zituen. Thiers-en laguntzari esker, 1873ko irailerako zorra kitatu eta lurraldea askatu ahal izan zen.