Frankl, Victor Emil
Psikoanalista austriarra (Viena, 1905 - Viena, 1997). Logoterapiako psikoanalisi eskolaren sortzailea. Medikuntza ikasketak egin zituen Vienako Unibertsitatean, eta psikiatria eta neurologiako doktoregoa atera zuen. 1944-1945 bitartean, Auschwitz eta Dachauko kontzentrazio esparruetan eduki zuten preso judua izateagatik. Urte haietako lekukotasuna Psikologo bat kontzentrazio esparruetan (1955) liburuan idatzita utzi zuen. Bigarren Mundu Gerra bukatu ondoren, Vienako Unibertsitateko neurologia eta psikiatria irakasle izendatu zuten. Franklek adierazi zuen egungo eritasun nagusia helburu edo norarik gabeko bizitza baten eramankizuna pairatzea zela, gizakia, bere patuaren jabe izango bazen, bere bizitzari norabide jakin bat eman beharrean zela. Hogeita zortzi aldiz doktore honoris causa izendatu dute beste hainbeste unibertsitatetan, eta Argentinako Mediku Antropologiako Elkarteko ohorezko kidea da (1954), eta orobat da Limako Neuropsikiatria eta Legezko Medikuntza Elkartekoa, eta Espainiako Klinika hipnotiko eta esperimentalekoa (1960), besteak beste. Obra nagusiak: Logos eta existentzia (1951); Psikoterapiaren oinarri antropologikoak (1975), eta Helbururik gabeko bizitza baten pairamena (1977).