Ford, Harrison
Estatubatuar antzezlea (Chicago, 1942). Filosofia eta ingeles literaturako ikasketak utzita, zineman lan egiteko aukera baten bila hasi zen. Hasieran bigarren mailako paperak jokatu zituen, bai zineman bai telebistan: American Graffiti (1973, Georges Lucas), Elkarrizketa (1974, Francis Ford Coppola). 1977an, film bateko paper nagusia jokatu zuen lehen aldiz, George Lucasen Galaxietako gerran. Filmak izugarrizko arrakasta izan zuen, eta Fordek antzeztu zuen mertzenario harroaren paperak mundu osora zabaldu zuen bere ospea. Hala ere, Fordek ez zuen galaxietako gerrako trilogia bukatu, Steven Spielberg zuzendariak Indiana Jones izeneko arkeologo abenturazale erakargarri baten paperarako aukeratu baitzuen, Kutxa galduaren bila filmean (1981). Film hark ere izugarrizko arrakasta izan zuen mundu osoan, baita zinema izar bihurtu ere Harrison Ford. Film haren ondoren, beste bi egin zituen paper bera jokatuz, Steven Spielbergen zuzendaritzapean betiere: Indiana Jones eta tenplu madarikatua (1984) eta Indiana Jones eta azken gurutzada (1989). Hala ere, Fordek, beti paper bera egiteko aukera zezaten beldur, paper jakin hartatik ateratzea lortu zuen, eta goi mailako antzezlea zela erakutsi zuen beste era bateko film batzuetan ere: Blade Runner (1982, Ridley Scott), Lekuko bakarra (1985, antzezele hoberenaren Oscar sarirako izendatua, Peter Weir), Eltxoen kosta (1986, Peter Weir), Amorratua (1988, Roman Polanski), Ustezko errugabea (1990, Alan J. Pakula), Henry (1991, Mike Nichols), Iheslaria (1993), Berehalako arriskua (1994, Phillip Noice), Sabrina (1995, Sidney Pollack), Air Force One (1997) eta abar.