Ford, Glenn
(Jaiotza izena, Gwyllyn Samuel Newton Ford). Estatubatuar antzezlea, kanadarra jatorriz (Sainte-Christine, Québec, 1916 - Kalifornia, 2006). Gazte-gaztetik antzerkirako zaletasuna erakutsi zuen, eta lehen antzezpenak eskolan egin ondoren, konpainia ibiltari batentzat lan egin zuen Estatu Batuetako mendebaldeko kostan zehar. 1940an Fox konpainiako film batean parte hartu bazuen ere, berehala Columbian hasi zen lanean eta film asko egin zituen harentzat. Bigarren Mundu Gerraren etenaren ondoren, 1946an, zinemaren historiako film ospetsuenetako batean parte hartu zuen: Gilda, Charles Vidorren gidaritzapean. Film horretan zinemaren historiako irudi famatuenetako bat agertzen da: alegia, Fordek Gildari (Rita Hayworth) ematen dion masailekoa. Film haren arrakasta zela eta, Ford eta Hayworthek elkarrekin lan egin zuten beste bitan –Carmenen amodioak (1948, Charles Vidor), eta Trinidadeko dama (1952, Vincent Sherman)–, baina film horiek ez zuten Gildak adinako arrakastarik izan, eta handik aurrera bakoitzak bere bidea hartu zuen. 1950eko hamarraldian, era askotako filmak egin zituen, westernak eta polizia filmak, besteak beste: Erosiak (1953an, Fritz Lang), Gaiztakeriaren hazia (1955, Richard Brooks) eta abar. 1956an, komedia batean parte hartu zuen, Delbert Mannen Abuztuko ilargiko te etxea, eta geroxeago, Dalmer Davesen 3:10etako trena filmean. 1959an, Metro Goldwyn Mayer ekoizpen etxearentzat hasi zen lanean. Garai hartan egindako lanen artean, Cimarron (1960, Anthony Mann), Ganster bat mirari baterako (1961, Frank Capra), eta Apokalipsiko lau zaldunak (1961, Vincente Minnelli) ditu aipagarrienak. Azkeneko urteetan, arrakastarik gabeko filmak egin ondoren, bere izenaren ospeaz baliatu ziren telebista sailetan parte hartu zuen. Gilda filmaren arrakastak betiko markatu zuen Forden karrera. Gizon gogorrarena egin zuen gehienetan, eta paper horretan lortu zituen bere antzezpen hoberenak, baina komedian lan egin zuenean ere, uste zitzaizkionak baino dohain handiago zituela erakutsi zuen.