Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

foraminifero

izond. Zool. Rizopodoen klaseko izen bereko ordenako animaliez esaten da.  v  Foraminiferoak. Zelula bakarreko organismoak dira, zulo bat edo gehiago duen oskol batez estalia dute protoplasma, eta zulo horietatik irteten da protoplasma pseudopodo mehe batzuen bidez. 60 familia ezagutzen dira, eta gehienak itsasoan bizi dira, finkaturik edo itsasoaren zoruan oso poliki mugituz. Neurri oso txikikoak dira (0,1 eta 1 mm tartean gehienak) eta oskola era askotakoa izan daiteke: biribila, luzexka, izar erakoa, disko erakoa, etab. Kanbriar Aroan agertu ziren lehenengoak, eta fosil eran harriak osatuz aurki daitezke. Azken urte hauetan asko aurreratu da foraminiferoen azterketa, animalia hauen ezagutzak asko laguntzen duelako petrolioaren bilaketa lanetan. Hain zuzen ere, petrolioa bilatzeko zuloetan ateratzen diren erakuskari guztietan ageri dira foraminiferoak proportzio handian, eta horiek ongi ezagutzen badira, geruzen sailkapen oso zehatza egin daiteke, eta horretxek hain zuzen oso garrantzi handia du petrolioaren bilaketan.