flamenko 2
iz. Andaluziako ijitoek egindako musika eta dantza. Andaluzen, arabiarren eta espainiar juduen herri musika dira flamenkoaren oinarri nagusiak; zenbait ikertzaileren ustez, Indiako eta Bizantzioko erlijio kantuek ere eragin handia izan dute flamenkoan. Flamenkoa cante delako kantuak eta dantzak osatzen dute. Hiru maila bereizten dira: jondo edo grande delakoa, samina eta herioa adierazten duena; tartekoa, bizitasun handikoa baina ez aurrekoa bezain sakona; eta azkenik, chico izenekoa, amodioari, herriari, etab. alaitasunez kantatzen diena. Flamenko kantuetan gitarra izaten da gehienetan laguntzaile. Dantzetan, berriz, garrantzi handia du eskuen eta oinen mugimenduak.