Feroe uharteak
(Feroeraz, Føroyar; danieraz, Faerørne) Europako ipar-mendebaleko uhartedia, Eskoziatik 350 kilometrora, Ipar Atlantikoan. 17 uhartek eta beste uhartetxo batzuk eratzen dute uhartedia. Uharte nagusiak: Strømø, østerø, Vagø, Suderø, Sandø eta Bordø. Lurralde autonomo bat eratzen dute Feroe uharteek Danimarkako estatuaren barnean. 1.399 km2 guztira eta 44.800 biztanle (1984). Hiriburua: Thorshavn (14.000 biztanle), Strømø uhartean. Hizkuntza: feroera. v Orografia eta klima. Basaltozko haitzak eta gailurrak ditu uharteak (Slaettaratindur, 882 m). Itsasertza labartsua da, fiordoak ditu eta estuak dira uharteen arteko itsasarteak. Bertako klima ozeanokoa da, lainotsua eta hezea (1.500 mm urtean batez beste). v Biztanleria. Feroeko biztanleak eskandinaviarrak dira, Norvegiako bikingoen ondorengoak. Feroeraz mintzatzen dira eta daniera ikasten dute eskolan. Luterotarrak dira gehienak. Gero eta biztanle gehiago bizi da Feroe uharteetan. v Ekonomia. Patata eta garagarra dira uzta nagusia. Ardi, zaldi eta behi aziendak hazten dira. Arrantza, itsasertzean eta ur handitan, garrantzitsua da oso, bakailaoarena batez ere. v Administrazioa eta erakundeak. Feroeko uharteek bere parlamentua (32 kide) eta gobernu autonomoa dituzte. Bi ordezkari dituzte Danimarkako parlamentuan. Kanpo arazoak, defentsa, diru eta epaitegi sistema Danimarkako legeen araberakoak dira. Ordezkari bat du Danimarkako koroak Feroe uharteetan. Hezkuntza sistema Danimarkakoaren araberakoa da. v Historia. 700. urte aldera finkatu ziren bertan Irlandako fraideak eta IX. mendean kolonizatu zituzten Feroe uharteak bikingo norvegiarrek (Faereyiar «ardi uharteak»). XI. mendean hasi zen kristautzen, eta Norvegiako lurralde bihurtu ziren uharte horiek. Danimarkaren esku geratu ziren Kalmarko Batasunean, Norvegiarekin batera (1397). Norvegiako lurraldeko administraziotik bereizi ziren 1709. urtean eta Ingalaterrak 1807tik 1814era beretzat hartu bazituen ere, 1814ean berriro Danimarkari itzuli zizkion. XIX. mendean sendotu zen Feroe uharteetako abertzaletasuna, bertako hizkuntza, folklore eta literaturaren aldeko higikundeek bultzatuta. 1906. urtean sortu zen Feroe uharteetako alderdi autonomista. Bigarren Mundu Gerraren garaian, Britainia Handiak hartu zituen Feroe uharteak. 1948an barne arazoetarako autonomia lortu zuten.