Ferrara, Franco
Italiar orkestra zuzendaria (Palermo, 1911 - Florentzia, 1985). Palermoko Bellini Kontserbatorioan ikasi zuen musika, eta ondoren, Boloniako Giovanni Battista Martini Kontserbatorioan pianoa, kontrabaxua, organoa eta konposizioa. Instrumentu-jotzaile bezala hainbat emanaldi egin ondoren, zuzendari gisa hasi zen 1938an. Berehala nabarmendu zen zuzendari lanetan, baina eritasun bat zela-eta zuzentze lanari utzi behar izan zion. Harrezkero, orkestrako zuzendaritzako irakasle lanetan hasi zen, eta Italian ez ezik, Tokion eta Parisen ere irakatsi zuen. Nazioarteko lehiaketa entzutetsuenetako epaimahaiburu izan zen. Bere ikasle izan ziren gerora oso ezagunak izan diren zuzendari asko eta asko. Musikagile bezala ere hainbat lan egin zuen, baina batez ere zineman eta telebistan lan egin zuen. Fellini, Visconti, Antonioni edo Rotaren filmetako musikak idatzi edo zuzendu zituen. Hil aurretik “Bizitza musikaren alde” nazioarteko saria jaso zuen Venezian.