Fernando VIIa
Espainiako erregea 1808an eta 1814-1833 bitarteko urteetan (San Ildefonso, 1784 - Madril, 1833). Karlos IV.aren eta Parmako Maria Luisaren semea zen. Maria Luisa erreginaren begiko zen Godoyren kontrako talde bat bildu zuen bere ingurura. Napoleonekin ezkutuko harremanak izan zituen. 1808ko martxoaren 17an, Karlos IV.a erregetzatik bota eta haren ordez jarri zuen Fernando VII.a Aranjuezko matxinadak. Murat jeneral frantsesak Madril hartu zuenean, Karlos IV.a eta Fernando VII.a Baionara joan ziren, Napoleonek behartuta, eta hark 1808ko maiatzaren 2an erregetza Josef Bonaparteren eskuetan utz zezan lortu zuen. Fernando VII.a Valençay-ko gazteluan atxilotua egon zen 1814a arte. Espainiara itzuli zenean, 1812ko Cadizko konstituzio liberala baliogabetu zuen, eta absolutismoa ezarririk liberalen aurkako neurriak hartu zituen. Baina Riego jenerala matxinatu zenean (1820), 1812ko konstituzioa onartzen zuen erregimen liberal bat bideratu zuen Fernando VII.ak. Fernandok bultzaturik, erregezaleek Itun Santuari dei egin zioten, eta Angoulémeko dukearen laguntzaz aginpide osoa lortu zuen berriro (1823). Alaba bakarra izan zuen, Maria Kristina, bere laugarren emaztearengandik, eta emakumeak erregina izatea debekatzen zuen Lege Salikoa indarrik gabe utzi zuen Elisabet bere alabak erregetza eskura zezan.