faraoi
(Eusk. «etxe handia») iz. Antzinako Egipton, erregearen jauregiari ematen zitzaion izena; hitz hori Egiptoko Erreinu Berrian (K.a. 1539-1292. urtetik 940-730. bitarteko urteetara) errege esateko erabili zen. Geroztik izen orokorra izan da antzinako Egiptoko errege guztientzat, errege titulua adierazteko izen zehatza inoiz izan ez bada ere. ik. Egipto. v Idatzi ofizialetan erregeak bost izen zituen: Horus, Bi Damak, Urrezko Horus, Goiko eta Beheko Egiptoko Erregea eta Bi Lurraldeetako Jauna, Re-ren Semea eta Koroen Jauna. Azken izena erregeari jaiotzean ematen zitzaion, eta besteak koroatzerakoan. Egiptoarren ustez faraoia jainkoa zen, eta zeruko Horus jainkoaren parean eta Eguzkiko Re, Amon eta Aton jainkoen parean jartzen zuten. Hil ondoren ere faraoia jainkoa zen, eta Osiris bilakatzen zen, Horusen aita eta heriotzaren jainkoa, eta erregetza eta ahalmen guztiak faraoi berria izango zen bere semeari ematen zizkion. Faraoiak magiazko ahalmenak zituen etsaiak menderatzeko, eta bere eskutan zeuden natura eta lurraren emankortasuna. Egiptoko lurren parte handia berea zuen eta berak kudeatzen zituen, jendearen ondasun materialen eta izpirituzkoen erantzule zen, eta justizia arduraduna zen aldi berean. Beste gizonengandik bereizita bizi zen faraoia, beregana hurbiltzen zirenak belaunikatu egiten ziren, eta hiltzen zenean hileta ospakizunak egiten zitzaizkion, beste munduan ere jainko izan zedin.