Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Euskalduna Jauregia

Bilbon biltzar eta kongresuak egitako zein musika, dantza eta antzerki jarduerak hartzeko eraikitako jauregia. ■ Euskalduna Jauregia garai batean Euskalduna ontziola zegoen lekuan hasi zen eraikitzen 1994ko ekainean, eta 1999ko otsailean inauguratu zen. Bilboko Abandoibarra hirigunearen birgaitze egitasmo orokorrean kokatutako proiektua da, Federico Soriano eta Dolores Palacios arkitektoen obra. Bere kokagunearen tradizioari eusteko, itsasontzi itxura eman zioten; guztira 52.863 m2 azalera du, eta altzairuz estali zuten eraikinaren zatirik handiena, ontzi baten kroskoa izango balitz bezala. Aurrekontuari dagokonez, 13.000 milioi ingurukoa izan zen, zatirik handienean –10.000 milioitik gora– Bizkaiko Foru Aldundiak ordaindua. Beste zerbitzu osagarri askorekin batera (errepikatze aretoak, kamerinoak, biltegiak, bulegoak, batzar areto txikiak, jantokiak, kargarako moilak eta abar) 1.100 m2ko agertokia du –Espainiako handiena–, eta ikuskizunetarako zein biltzarretarako erabil daitekeen areto bat, nagusia, 2.160 pertsona har ditzakeena. Bitxikeria moduan esan daiteke eraikinaren barruan altuera handiena duen puntuan Portugaleteko zubi eskegiaren dorreetako bat sartzeko adina leku dagoela. Euskalduna Jauregia inauguratu zenetik, bertan du egoitza Bilboko Orkestra Sinfonikoak, eta bertan egiten dira orobat OLBEren opera emanaldiak.