Europako Batzordea
Europar Batasuneko erakunde egituran Europaren interesak ordezkatzea helburu duen erakundea. ■ Herrialde kideetako interes nazional desberdinen arteko bitartekaria izaten da maiz Europako Batzordea. Europar Batasuna osatzen duten erakundeen artean legeak proposatzeko eskumena duen organo bakarra da. Hori dela eta, Europar Batasunaren garapenaren abiadura eta norabidea zehazten ditu neurri handi batean. Besteak beste, Europar Batasunak sinaturiko itunak zaintzen ditu; organo betearazlea denez, erabaki guztien ezarpena ikuskatzen du; eta Europar Batasuneko aurrekontua kudeatzen du. 1995etik aurrera, 20 batzordekidek edo komisaritzek osatzen dute Batzordea; herrialde kideek izendatzen dituzte, Europako Parlamentuak onartu ondoren; asko eta asko ordezkari nazional edo europar ohiak izaten dira, baita jatorriko herrialdeetako ministro edo goi-mailako agintariak ere. Egituraren aldetik, Zuzendaritza Nagusiak izeneko 24 zuzendaritza berezitutan banatzen da Europako Batzordea. Hogei komisaritzek 16.000 funtzionario inguru dituzte beren mende Batzordearen jarduera egiteko. Batzordearen Idazkaritza Nagusiak ezinbesteko garrantzia du legegintza prozedurarako, Batzordean erabakiak hartzeko erabiltzen den prozesua ikuskatu eta bestelako erakundeekiko harremanez arduratzen baita. Batzordeak ordezkaritza du Europar Batasuneko estatu kide guztietan. Era berean, ordezkaritzak ditu Europar Batasunarekin harremanak dituzten beste herrialde askotan.