Europako Banku Zentrala
1998. urteko maiatzean Europar Batasunaren Itunak sortu zuen erakundeetako bat, Europako Diru Institutuaren funtzioak hartu zituena. ■ Europako banku Zentralaren funtzio nagusia Ekonomia eta Diru Batasuneko diru politika ezartzea da (interes tasak ezarri eta diru eskaintza kontrolatu). Bestalde, dibisa eragiketak ere egiten ditu (euroaren eta munduko gainontzeko dibisen arteko truke tasa politika), herrialde kideen dibisa erreserba ofizialak bere esku baititu. Era berean, txanpon eta diru-papera jaulkitzeaz arduratzen da, eta baita diru batasunetik kanpora gelditu diren herrialdeen ekonomiekin koordinazio lana egiteaz ere. Europako Banku Zentralaren helburu nagusia prezioen egonkortasuna bermatzea da, eta ekonomia eta diru batasuna gauzatzeko ezinbesteko erakundea da. Sortu ahal izateko, lehenengo, diruaren batasunaren prozesuan parte hartu zuten herrialdeetan, autonomia eman zitzaien lekuan lekuko Banku Zentralei diru politikaren arloan, ondoren, Banku Zentral nazionalek Europako Banku Zentralari diru politikari buruzko subiranotasuna eman ziezaioten. Europako Banku Zentrala diru politika ezartzeko organo zentrala izan arren, herrialde bakoitzeko Banku Zentralekin harremana izango du, sakonago ezagutzen baitituzte lekuan lekuko ekonomien ezaugarriak. Europako Banku Zentralak eta Ekonomia eta Diru Batasunean parte hartzen duten herrialdeetako Banku Zentralek, Europako Banku Zentralen Sistema osatzen dute. 1998. urteko maiatzean Wim Duisenberg holandarra izendatu zuen Europako Kontseiluak, ez arazo gutxirik gabe, Europako Banku Zentraleko lehendakari.