Europa
Munduko sei kontinenteen artean txikiena (10.531.000 km2 eta 684.124.000 biztanle, 1981) eta gaizkien definitua. Asiako itsasmutur bat da berez. Mugak: Ozeano Artikoa, iparraldean; Ozeano Atlantikoa, mendebalean; Mediterraneo Itsasoa, hegoaldean; Kaspiar Itsasoa eta Uraletako mendiak, ekialdean. Urgainetara irtendako lurren erdibidean egonik, munduko gunerik nagusien bihurtu da historiaren eta ekonomiaren aldetik. Egitura eta erliebearen arabera, bereiz daitezke iparraldeko Europa, ordoki eta ordeka handiak dituen zatia, eta hegoaldeko Europa, Alpeetako aroko mendiak dauzkana. Europako zatirik handienean, klima epela da nagusi, baina alde handiak eragiten dituzte itsasoekiko urruntasunak eta erliebeen goratasunak (ozeano aldeko klima, kontinente barrenekoa, Mediterraneo aldekoa). Europa erdian egoteak eta itsasotik sartzeko duen erraztasunak, oso antzinako biztanleria, askotarikoa eta trinkoa ekarri du, azken aldian gutxitzen ari bada ere. Europak ez du ez hizkuntza, ez etnia, ez politika batasunik: 44 estatu ditu eta Bigarren Mundu Gerraz geroztik, azken urteok arte, bi multzo ideologikoetan zatiturik bizi izan da. Meatzetan eta nekazaritzan duen aberastasunak, biztanleriaren ugaritasunak, merkataritzaren indarrak, jakintza eta teknikari buruzko aurkikuntzak bultzatu dituztelarik, nekazaritza nahiz industriarako iraultza lur bihurtu dute XVIII. eta XIX. mendeetako Europa. Gaur egun, mundu osoko biztanleriaren % 20a du, eta munduko produkzioaren % 40a, hala, batez besteko bizimaila nahiko ona da. v Historia. Europak oso berandu arte ez zuen berezko nortasunik izan, eta hasieran populazio mediterranear eta helenikoek menderatu zuten. Grekoen ekarriari esker, munduko ekonomia eta kultura Mediterraneoko erdialdean eta mendebalean kokatu zen; gero oraindik mendebalerago joan zen. Grekoen ondarea Erromak zaindu eta zabaldu zuen, bere ukitua erantsiz, ordea, batez ere antzinako munduari batasuna emanez, eta kristautasuna zabalduz. Ekarpen horietatik sortu da Europako kultura. IV. mendean germaniarrak sartu ziren erromatar Inperioan, eta Justiniano batasunari eusten ahalegindu bazen ere, zatiketa etorri zen. Kristautasuna saiatu zen Karlos Handiarekin (800), Ekialdeko Inperioaren aurka eta Poitierseraino heldu ziren arabiarren kontra (732), Mendebaleko Inperioaren batasunari eusten. Orduan hartu zuen Europak politika eta kultura esanahia (Europa vel regnum Caroli). Oton I.ak bere egin zuen asmoa eta Inperio Santu erromatar germaniarra sortu zuen 962an, eta luzaz iraun bazuen ere, ez zuen barne-trinkotasunik izan inoiz. Enperadoreek Aita Santuen aginte izpirituala zuten aurrez-aurre, eta Ipar-mendebalean erregeek (kapetoak eta Plantagenet) politika abertzalea zeramaten. Europako mendebalean Ingalaterra eta Frantzia elkarren artean gerran zebiltzan bitartean, ekialdea mongoliarrek zapaltzen zuten: Errusia asiarra izan zen XVII. mendea arte. XV. mendean turkiarrak sartu ziren Konstantinoplan, eta hurrengo mendean inperio otomanoa gailurrera heldu zen. Une horretan, Europa erlijioko auziek zatiturik zeukaten (ik. Erreforma), baina iraultza berri bat gertatua zen kulturan (Errenazimentua) eta ekonomian (lurralde berrien aurkikuntza). XVIII. mendean, Espainiaren eta Frantziaren ondoren, Ingalaterra eta Herbehereak izan ziren Europan gailentasuna izan zutenak; haiek hartu zuten itsasoetako merkataritzaren nagusitasuna eta lehen industria modernoa sortu zuten. Frantziako Iraultzarekin, eta haren ondorengo Napoleonen inperioarekin, Europaren ideia berriro eguneratu zen; asmo hori, ordea, Europaren zatiketa berri batean amaitu zen, higikunde abertzaleak eta liberalak XIX. mende guztian zehar hedatu baitziren. Europan langile higikundeen eta sozialismoen loraldia inperio kolonial berrien loraldiarekin batera gertatu zen. Amerika aldentzen hasita, Europaren eragina Afrika aldera hedatu zen. Lehen Mundu Gerrak hautsi zuen Europaren gailentasuna. Gerra horretatik, nolanahi ere, Nazioen Elkartearen ideia sortu zen, “lotura federal” baten ideia, alegia. Ondoren urteetan munduko ekonomiaren krisia eta faxismoaren eta Hitlerren gorakada izan ziren gertaera nagusiak, eta Bigarren Mundu Gerratearen bidez Europa arrazista eta totalitario bat ezarri. Demokraziek irabazi zuten Bigarren Mundu Gerra bukatzean, Europak galdua zuen “historia bideratzeko ahalmena”. Gainbehera ekonomikoak eta kolonietako askatasun higikundeak Estatu Batuen parean zuen ahulezia begien aurrean jarri zioten Europari. Bestalde, Sortaldeko Europa, Sobiet Batasunak ardatzeko nazioen gainean garaitu eta herri-demokraziak eratu ondoren, Mendebaletik banatua geratu zen. W. Churchill izan zen, 1946an, “Europako Estatu Batuen” ideia aurkeztu zuena. 1947an, Estatu Batuak Marshall Plangintza aurkeztu zuen, eta horri erantzunez Lankidetza Ekonomikoko Europar Erakundea (O.E.C.E.) sortu zen 18 lurralde elkartuz (1961ean, O.C.D.E. bihurtu zen). Ekonomiaren batasunerako egin ziren ahaleginei, Europako Kontseiluaren sorrera jarraituko zitzaion (1949): ahalmen betearazlerik ezean, nahiko mugatua izan zen haren eragina. Baina, nazioarteko elkarkidetza europarretik berehala igaroko zen naziogaindiko elkartera C.E.C.A. sortuz (1951). Defentsako Elkarte Europarraren porrotaren ondoren (Frantziak asmoari ezezkoa eman zion), Europaren batzeko ahalegiank moteldu egin ziren 1957 arte; urte horretan sinatu zen Erromako Hitzarmena, Europako Ekonomia Elkartea eta Euratom sortu zuena. 1972ra arte Britainia Handia ez zen izan erakunde hauetako bazkide: Suedia, Norvegia, Danimarka, Suitza, Austria, Portugal eta Islandiarekin Truke Libreko Elkarte Europarreko kide zen (A.E.L.E.). 1958an sortu zen Europar Parlamentua 1979an Europako Elkarteen biltzar bihurtu zen, bazkideak guztien botoen bidez hautatzen direlarik. Sartaldeko Europa eraikitzearekin batera, Sortaldeko Europako herri demokraziek beren erakunde ekonomikoa sortu zuten: COMECON, alegia. Gorbatxov Sobiet Batasuneko agintaritza gorenera heltzearekin batera, ordea, Europako Sortaldearen eta Sartaldearen arteko haustura konpontzen hasi zen. Varsoviako Ituna baliorik gabe geratu zen (1991); Berlingo murrua bota egin zuten (1990); herri demokraziek, iraultza baketsuen bidez (Errumanian izan ezik), demokrazia aldera jo zuten, Polonia buru zelarik (1988-1990). Era berean, Sobiet Batasunean bertan, zenbait naziok askatasuna eskatu zuten, eta Europako Elkarte Ekonomikoan sartzeko asmoa azaldu.