Europako Justizia Auzitegia
Egungo Europar Batasuneko auzitegia, haren aurrekoarentzat, Europako Ekonomia Elkartearentzat, 1957an Erromako Itunaren bidez eratua. Erakunde horren zeregina Itunari dagozkion arazoak erabakitzea da. Auziak prozedura desberdinen arabera onartzen dira. Ohikoena nazio bakoitzeko auzitegiek Europako Auzitegiari prozedura nazionalean aurkeztu den eta europar legegintzari dagokion auzi bati buruzko epaia eman dezala eskatzea da. Estatuko eginbideak bertan behera gelditzen dira eta Europako Auzitegiak bere erabakia jakinarazten du. Gero, auzitegi nazionalak beraren aurrean aurkeztutako auziari buruzko erabakia ematen du, europar araudiaren arabera. Gora jotzeko eskubiderik ez dagoen auzitegi nazional bat baldin bada, horrek Europako Auzitegiaren eskuetan utzi behar du auzia, han epai dezaten. Ituna izenpetu duten estatuetako gobernuek ere auzia jar diezaiokete elkarri, Europako Batzordearen bidez Europako Auzitegian auziak jar ditzakete, auziperatuak izan daitezkeen bezala. Batzordeak behin baino gehiagotan salatu ditu gobernuak ez direlako europar legegintzari behar bezala egokitzen beren legegintza nazionaletan. Europako Auzitegia, duen lekua eta dituen gaitasunak direla eta, izaera politiko handiko erakundea da eta eztabaida ugari sortu izan du. Askotan, dagokion papera betez, gobernu nazionalen erabakiak deuseztatzen ditu europarrenen alde, eta horrek gobernuen ezinegona sortzen du noski. Auzitegiak, Itunean zehazten denaren arabera, estatu kideen arteko batasuna sustatu behar du beren arteko eztabaidetan bitartekoarena eginez, baina batzuetan hori ez dator bat estatu kideek banaka azaldutako jarrerarekin. ■ Auzitegiaren funzionatzeko sistema kontinentala da erabat, defentsari nagusi baten laguntza izateak erakusten duen bezala. Defentsariak –auzitegiko epaile izatera iritsi den estatu kideetakoren bateko epailea– auzitegian aurkeztutako auzia aztertzen du eta bere erabakia jakinarazten dio gero auzitegiari. Normalean defentsariaren iritzia izaten da auzitegiaren epaiaren oinarri (1996ko urtarrilaz geroztik auzitegiak bederatzi defentsari nagusiren laguntza du). Auzitegia, defentsariaz gainera, beste zenbait epailez osatuta dago, eta horien artean lehendakari bat dago, estatu kideek sei urteko eperako izendatua. 1996ko urtarrilean hamabost epaile zeuden. Entzutegian, auzitegiak auzian parte hartzen duten aldeen eta defentsari nagusiaren iritzia entzuten ditu. Batzordeak eta auzia gertatu den estatu kideak ere beren ordezkaritza dute. Prozedurak eskatzen duenez, adierazpenak idatziz aurkeztu behar dira, epaileak azter ditzan. Gero epaileak jakinaren gainean jartzen ditu auzitegia eta defentsari nagusia, eta aldeek ahozko adierazpenak egiten dituzte epaia eman aurretik. Organismoaren eraginkortasuna handitzeko neurriak hartzen badira ere, Europako Auzitegiak geroratze handiak izaten ditu, auzitegi nazionalak berak baino handiagoak ere batzuetan. Lau urte ere igaro daitezke epaia ematerako, auzitegi nazionaletan auzi luzeak izan ondoren. Erakunde horri egin izan zaion kritiketako bat bere erabakiak egile jakinik gabeko epai bakar batean idatzita azaltzea da. Aditu batzuen arabera horrek europar legegintzaren deshumanizazioa ekar dezake. Auzitegiaren balio positiboen artean, berriz, aipagarria da zenbait lege berritzaile eta zuzen egin izana, eta batzordearen eta estatu kideen artean bitarteko lana eginagatik bizirik iraun izana.