Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

euro

iz. Europar Batasuneko eremu jakin bateko herrialdeen diru bateratua. ■ Euroak 1999ko urtarrilaren 1ean ordezkatu zituen euroaren eremuko 12 herrialdeen diru nazionalak (Greziaren kasuan ezik, 2001eko urtarrilaren 1ean egin baitzen han aldaketa). Data horretan bertan, euroak ecua ere ordezkatu zuen, ecu bat = euro bat proportzioan; beraz, une hartatik aurrera ez da ecurik. 1995eko abenduan Europako Kontseiluak Madrilen egin zuen bileran jarri zitzaion euro izena Europar Batasuneko diru bateratuari. Alemaniak proposatu zuen; Europar Batasuneko hizkuntza ofizial guztietan erraz esan zitekeelako, eta Europa sinbolizatzen zuelako aukeratu zen izena. 1998. urteko maiatzaren hasieran Bruselan “euroaren gailurra” deritzana egin zen. Bertan Europar Batasuneko 15 herrialdeetako gobernuburuek eta Finantza ministroek hartu zuten parte. Gailur horretan herrialde bakoitzak Maastricht-eko Itunean ezarri ziren bateratze baldintzak betetzen zituen aztertu zen. Guztira 11 herrialdek gainditu zituzten Ekonomia eta Diru Batasunean parte hartzeko baldintzak: Alemania, Austria, Belgika, Espainia, Finlandia, Frantzia, Holanda, Irlanda, Italia, Luxenburgo eta Portugalek. Kontuan izan behar da Erresuma Batuak, Danimarkak eta Suediak ez parte hartzea erabaki zutela. Beraz, Grezia izan zen bateratze baldintzak ez betetzeagatik prozesutik kanpora gelditu zen herrialde bakarra (2001eko urtarrilaren 1ean sartu zen Ekonomia eta Diru Batasunean). Urte horretan bertan ezarri ziren euroaren eta diru mota nazionalen truke neurri ezeztaezina. Hala, esaterako, euro batek 166,386 pezeta eta 6,559 libera balioko zituela ezarri zen. Beraz, ordutik, finkoa da euroan parte hartzen duten herrialdeen diruen arteko truke tasa (izan ere, 2002. urtean diru-papera eta txanponak sartzen diren bitartean, herrialde bakoitzeko dirua ez baita euroaren zatikia baizik). Hortaz, 2002ko urtarrilaren 1etik urte bereko ekainaren 30 arte aldatu izango dira diru nazionalak euroen truke finantza erakundeetako leihatiletan, urte hasierako hilabeteetan, eta lekuan lekuko banku zentraletan ekaina artean, ezer ordaindu gabe.